Nagore BELASTEGI

Elikadura arazoak atzean uzteko osasunaren trena

Elikadura nahasmenduak atzean uztea posible da. Hori erakusten du Negu Karlsson idazleak «KG» liburuan. Bertan urteetan idatzitako testu laburrak biltzen ditu eta, pasartez pasarte, gaixotasuna izan duen denboran igarotako une desberdinak agertzen ditu.

Elikadura asalduren inguruan tabu eta estereotipo ugari daude eta gaixo daudenei ez diete onik egiten, egoera berean dauden pertsonekin identifikatzea funtsezkoa baita sendatu ahal izateko. Gizartean zabalduta dago anorexia eta bulimia neska gazte aberaskumeen gaitza dela eta, ondorioz, batetik gaixotasunari garrantzia kentzen zaio eta, bestetik, esparru horretatik kanpo daudenek arriskurik ez dutela aditzera ematen da.

Negu Karlsson gizona da eta bere bizipena laburtzen duten testu laburrak bildu ditu “KG” (ViveLibro) liburuan. 2009. urtetik aurrera idatzitako testuak dira, igaro dituen etapa desberdinak primeran azaltzen dituztenak.

Liburua sinatzeko erabilitako izena, Negu Karlsson, ez da bere nortasun agirian agertzen dena, ezizen bat da; negua urtaro garrantzitsua da beretzat eta bere aitak Karlos du izena. Bere izena erabili ez izanak ere badu arrazoi bat: gaixotasunak berak duen izaera, ezin kontatu hori. Gainditu ezin izan zutenei eginiko omenalditxoa da.

Liburuko orrialdeetan denboran atzera eta aurrera egingo dugu, baina testuak idatzi zituen urteei erreparatuz gero, emozionalki zein unetan zegoen jakin dezakegu. Gainera, testuak genero desberdinetakoak dira eta batzuk fikziozkoak diruditen arren –zinemak eta bidaiek presentzia handia dute–, kontatzen dena benetakoa da, bere gaixotasun gordina.

Lan autobiografikoa bada ere, Negu ez da protagonista, Jesse baizik. Horrek ere badu zergatia: irakurleak identifikatuta senti daitezen nahi du, eta pentsatzea kontatzen den hori pertsona zehatz bati gertatutakoa dela. Horrela, gaixo daudenek, horien senide eta lagunek edota gaixotasunari buruz ezer ez dakitenek ere ulertu ahal izango dute. «Nik lumarekin idazten dut, ez bisturiarekin. Gai honi buruz idazten denean pasarte ilunak agertzen dira soilik, eta nik pasarte ilunak izan ditut nire bizitzan zehar, asko gainera, baina liburuan beste modu batera islatu dut jendeak ulertu ahal izateko», azaldu digu idazleak.

Bere ustez, elikadura arazoek ez dute ez sexu, ez adin, ez pisurik. Hala ere, jendeak pisua oso kontuan izaten du. Karlssonen esperientziaren arabera, jendea kezkatu egiten da pertsona bat bat-batean asko argaltzen edo gizentzen denean, aldaketa fisikoak oso nabarmenak direnean, baina bestela ez diote garrantzirik ematen edo, agian, ez dakite nola galdetu. «Batzuetan pisu orekatua duzu, baina ez zaude ondo», aitortu du gaixo ohiak.

Kirola gaixotasuna ezkutatzen duen elementu bat izan daiteke. «Kirola egiten hasten den pertsona bat argaltzen bada jendeak uste baitu horren ondorioz izan dela eta, beraz, osasuntsu dagoela, baina ez dakite erabaki horren atzean zer dagoen». Neguk berak anorexia zuenean noizbehinka bat-batean pila bat jaten zuen, denetarik, ezkutuan, eta ondoren kirola egiten zuen jandako guztia konpentsatzeko. Itxura osasuntsua bazuen ere, ez zegoen ondo. «Batez ere buruko gaitza da; fisikoa ondorio bat besterik ez da», azpimarratu du idazleak.

Sendatzeko pausoak

Karlssonen iritziz, elikadura arazoak emozioak kudeatzen ez dakigulako sortzen dira. Horiek ondo lantzeko terapia ezinbestekoa izan da beretzat. Bere esperientziatik, elikadura nahasmenduren bat duten guztiek gaixotasun bera dute, nahiz eta bakoitzak bere bereizgarriak dituen.

Bestalde, dioenez, badaude gaixotasuna garatzera bultza dezaketen arrisku faktore batzuk: familiako giroa, eskolako harremanak, maitasun loturak... Bere kasuan horiek guztiek eragina izan zuten gaztea zela, eta duela gutxira arte zurrunbilo horretan murgilduta egon da.

Arrisku faktoreak badira, beraz, baina lagungarriak diren beste elementu batzuk identifikatzen dira liburuan. Alde batetik, terapia bera. Laguntza profesionalari esker lortuko du Jessek bere arazoa gainditzea. Bestetik, Celine, aurrerantzean bere babesleku izango dena. “Before sunrise” filmeko protagonistak bezala –izenak hortik hartu ditu–, tren batean ezagutuko dute elkar eta hortik aurrera maitasun lotura bat sortzen da bien artean (ez du zertan amodioa izan). «Berak ulertzen du Jesse, ez du galdetzen, ondo erantzuten du, ez du aurreiritzirik… hori da gizarteak izan beharko lukeen jarrera», esan du Karlssonek. Izan ere, bere ustez, entzutea eta laguntza eskaintzea dira gakoak, askotan elikadura arazoak dituztenek ez dakitelako nora jo; gertatzen zaiena kontatze hutsa izugarrizko pausoa da.

Karlssonek liburua bere sendatze prozesuaren azken pausotzat hartzen du, gizartearen aurrean biluztearen parekoa.