Amagoia MUJIKA TELLERIA
GIPUZKOAKO BERTSOLARI TXAPELKETA

BEñAT GAZTELUMENDI FINENA AZKOITIAN

GIPUZKOAKO TXAPELKETAREN AZKEN FINAL-LAURDENA JOKATU ZUTEN ATZO. AZKENA IZATEAREN ZAMA SUMATU ZEN, SAIOA EPELETIK ETA ESTUTIK BATZUETAN. BEñAT GAZTELUMENDIK HASI ETA BUKA JOSI ZUEN BEREA, TXAPELDUNAREN AULKI MAIZ ARANTZATSU HORRETATIK.

Gipuzkoako Txapelketa Nagusia iritsi da hurrengo geltokira, finalerdien fasera. Azkoitiko Baztartxo antzokian jokatu zen atzo arratsaldean final-laurdenetan azkena. Hasieratik igarri zen giroa arraro: bertsolariak soka tenkatu baten gainean eta erortzeko beldurrez bezala, eta entzuleak txaloak garesti samar saltzen edo. Askotan zaila izaten da txapelketak berezkoa duen zenbaki gerra horretatik aparte aritzea. Lortzen denean, bertsolariak adina gozatzen du entzuleak.

Txapeldunak kantatu zuen atzo lehen aldiz, Beñat Gaztelumendik. Hasi eta buka, saioa goitik osatu zuen, besteei koska ateraz. Dotore eta langile luzitu zuen txapeldunaren aulki arantzatsu horretan.

Zortziko txikian, esaterako, giroa gora ekartzea lortu zuen Mikel Artolarekin batera. Artola, tabernara joana pilota partida ikustera eta Gaztelumendi, telebista paretik kendu ezinda. Artolaren lehena, denok esperotako bidetik –anaia du Iñaki Artola pilotaria–: «Partiduak badauka mila kategori/ baina eserita ezin det ikusi ongi/ kendu zaitez paretik nago gori-gori/ ez al dakizu zein den hor ari dan hori». Eta, Gaztelumendik: «Bai zure anaia da entzun izan det maiz/ baina aukeran hobe zen aldatzea gaiz/ hamaika zero galtzen hasi baita garaiz/ ikusi ez dezazun propio ari naiz».

Esan bezala, Gaztelumendi ondo aritu zen eta garbi utzi zuen etxeko lanak majo eginda iritsi dela txapelketara. Adibidez, seiko motzean Ander Lizarralderekin, arropa josten duten lantegi bateko jabearen azaletik, gero eta lan gehiago dutela-eta: «Dena ez baita zinegotzi/ asko lanetik egotzi/ eta zituzten diru apurrak bankuan ehortzi/ nahiz aurrezkiak egosi/ ezin arropa erosi/ ta hala gabiltza besteen zuloak josi eta josi».

Kartzelakoan ere dotore. Hauxe zuten gaia: Gaur ere ondoezik zauden arren, lanera joatea erabaki duzu. Eta honakoa, Gaztelumendiren hirugarren alea: «ETBn hasi nintzen lanean ze poz ta ze bozkario/ hilabetea hiruregun euro horixe da usadio/ nere jefeak gutxi saiatzen naizela halaxe dio/ hobe nukela nere lanari gogor helduko banio/ ai baina gorputz honi jadanik indar asko ez dario/ asteburuei ta iluntzeei esana nago adio/ urte luzetan ikasle izan eta orain bekario/ beti lanean, beti lanean eta beti prekario».

Bigarrena, Ane Labaka. Karga handiarekin sumatzen zen –presioak eztarrian–, baina fin lan egin zuen, arrazoia arrazoiaren gainean. Kartzelakoan, adibidez, Gaztelumendigandik puntu eta erdira. Hauxe Labakaren bigarrena: «Bulegoan botereak badu nahiko kontrabando/ gainekoak, azpikoak, hain argi daude bi bando/ badakit ez diotela garrantziarik emango/ ta kalera botatzea nik enukela jasango/ ez dakit haurdunaldi bat ere ez al den izango/ guztiz zorabiatua naiz dardarka dauzkat bi zango/ beldurrak irabazi du ez diot ezer esango».

Sailkapenean hirugarren eta laugarren geratutako Maialen Akizuk eta Ander Lizarraldek marraztu zioten arratsaldeari ertz nabarmenetakoa zortziko txikian. Oso ertz esanguratsua gainera. Bikote hasi berriaren paperean aritu ziren. Lehen aldiz elkarrekin jatordua egiten ari zirela, Lizarraldek galdetu zion ea soberan utzitakoa jan zezakeen.

Lizarralde putzuan sartu zen bere lehen bertsoan: «Nahiz parre egiten duzun ondotikan ozen/ langostino hoietan zentratu gaitezen/ nik eztarrira sartzen ditudanak zuzen/ pentsa zazu ohean nolakoa naizen». Eta Akizuk, erremate latza: «Bihotza irabazi nahi ta burua galdu/ gizon hau ere ez da horretatik salbu/ ba ohean ez dakit zabiltzan ondradu/ aho zabala baino mingain txikia du». Eta Akizuren hirugarrena, goitik berriro: «Nere estiloa etzera ta aizu barkatu/ ni hemendik banoa eta zuk pagatu/ nahi badezu platera erabat bukatu/ baina gaurkoan baietz goseak geratu».

Lizarraldek agurrean aitortu zuenez, bezperan amona hil zitzaion. Ez zuen gutxi egin oholtzara igotzen. Bosgarrena, Mikel Artola 425 punturekin eta seigarrena, Ane Zuazubiskar 424 punturekin. Batek zein besteak utzi zuten ale propiorik. Hurrengoa, azaroaren 17an, Arrasaten.