Asier AIESTARAN
Atletismoa

Behobia-Donostia 2015eko kopuruetara inguratuko da probaren mendeurrenean

Guztira 33.379 korrikalarik eman dute izena iganderako, eta lehen aldiz%25eko langa gaindituko du emakumezkoen parte &indentHere;hartzeak.

Behobia-Donostia lasterketak ehun urte beteko ditu aurten, eta igandeko probak ohore egin nahi dio urtebetetze horri. Fortunako antolatzaileek atzoko aurkezpen ekitaldian jakinarazi zutenez, aurtengoan 33.379 korrikalarik eman dute izena eta emakumezkoen partaidetza bultzatzeko abian den kanpainaren barruan –2025erako erdi eta erdi izatea jarri zuten erronka moduan– nabarmendu zuten lehen aldiz korrikalarien %25 baino gehiago izango direla emakumeak (8.604).

Parte hartzaile kopurua oso aintzat hartzekoa da, azken urteetan zertxobait behera egin ostean, 2015eko 34.000 korrikalariko marka horretara asko hurbildu delako berriz ere. Eta emakumezkoen ikusgarritasuna bultzatzeko helburuarekin beste berrikuntza bat ere ipiniko dute martxan igandean: eliteko emakumeek irteera propioa izango dute (10.10), gizonezkoen irteera nagusia (10.15) baino bost minutu lehenago.

Mendeurrena ospatzeko balioko duen beste elementu bat Haile Gebrselassie atleta ohi entzutetsuaren bisita izango da. Etiopiarra, 10.000 metroko proban inoiz izan den atletarik onena ziur aski –urrezko bi domina irabazi zituen Olinpiar Jokoetan eta beste lau Munduko Txapelketetan–, ostiralean iritsiko da Euskal Herrira eta zuzenean Irungo Ficoban hitzaldi bat ematera joango da, Korrikalariaren Azoka bertan ipiniko dutela baliatuz. Larunbat goizean entrenamendu ireki bat zuzenduko du, eta igandean lasterketa korritzeko dortsal bat ere gorde omen dio antolakuntzak, nahiz eta afrikarrak oraindik ez duen baieztatu irtengo den ala ez.

Ezin da ahaztu aurtengo lasterketak espainiar Estatuko hauteskundeekin bat egiten duela, aurreko egunetan jakinarazi den moduan, horrek zertxobait baldintzatuko baitu proba: Behobia Gaztea ez da ospatuko eta ibilbideko bost puntutan desbideraketak egon daitezke.

Iñigo Etxeberria koordinatzaileak azaldu zuenez, hauteskunde eguna izateak «buruhauste dezente sortu dizkigu, batez ere lanak atzeratu dizkigu eta beste kontu batzuetan erabili beharreko denbora kendu digu». Hala ere, parte hartzeari dagokionez ez du eragin kaltegarririk izan antza denez.

Urtero legez, lasterketak larunbat arratsaldean hasiko dira Anoetako Miniestadioan egiten den Behobia Txikiarekin. 15.00etan hasiko dira eta 2.500 haurrek hartuko dute parte.

Paul Tergat Donostian

Atletismoaren hilabetea izaten da azaroa Gipuzkoan eta hori argi geratzen ari da egunotan. Donostian, adibidez, FICA jaialdia ari da ospatzen, atletismoari buruzko zinema jaialdia. Film desberdinak ikusteko aukera eskaintzeaz gain, hainbat gonbidatu ekarri dituzte, eta, denetan aipagarriena, Paul Tergat atleta ohia, protagonista izan zen atzo, Ohorezko Hercules Saria jaso baitzuen Antzoki Zaharrean.

Bestalde, Elgoibarko Krosaren antolatzaileek jakinarazi zuten Nazioarteko Federazioak “World Athletics Heritage Plaque” saria emango diola probari, atletismoaren ondare historiko izateagatik. Munduan hiru krosek bakarrik jaso dute orain artean sari hori.