Oihane LARRETXEA
DONOSTIA

«Bizi dantza», euskal dantzak doinu eta letra berriekin jantzita

Pirritx, Porrotx eta Marimototsek euskal dantza tradizionalak hartu dituzte ekologiaz, feminismoaz edo maitasun askatasunaz aritzeko. «Bizi dantza» disko-liburua lan korala da: Xabier Zabalak eman dio bakoitzari doinu berri bat eta Leire Bilbaok sortu ditu, animaliak protagonista jarrita, fabulak. Ilustrazioak Maite Mutuberriarenak dira.

Euskal dantza tradizionalak oinarritzat hartuta, proposamen berri bat bueltaka zuten buruan Pirritx, Porrotx eta Marimototsek. Hiruzpalau urte atzera, Jon Maya eta Vanesa Castaño dantzariek bota zieten amua. Zergatik ez gure ondarea diren dantzak hartu eta buelta berritzaile bat eman? Proposamenak forma eta izena badu jada: “Bizi dantza”.

Lana korala izan da, diziplina ezberdinak uztartu baitira proiektuan: musika, letrak eta ilustrazioa. Joxe Mari Agirretxe Porrotxek GARAri azaldutakoaren arabera, dantzen pausoak berdinak dira, baina doinu berri bat eman zaie eta letrak sortu dira bereziki bilduma osatzeko. Xabier Zabala dago musikaren atzean eta Leire Bilbao idazleak sortu ditu fabulak. Maite Mutuberriaren ilustrazio erakargarriek hori guztia jantzi dute. Hori izan da azken fasea, sortutako imajinarioari arkatzez formak eta koloreak ematea.

«Zentzu horretan aldaketa izan da guretzat. Orain artean guk egin izan ditugu letrak, betiere, bertsolariekin eta idazleekin harreman estua izanda. Oraingo hau, baina, lehen aldia izan da hitzen sortzaile bakar batekin lan egin duguna. Oso gustura gelditu gara», dio.

Mundua azaltzeko

Orotara, 13 euskal dantza eta 13 doinu berri biltzen ditu disko-liburuak. Kalejira, ohorezko kontrapasa (agurra bezala ezaguna), fandangoa, dantza jauzia eta banangoa, besteak beste. «Euskal dantza talde eta eskoletan doinuak askotan aspaldikoak dira. Horri buelta emateko azken proposamen potentea Oskorrik egin zuen», iritzi du Agirretxek. Maya eta Castañok beharra ikusten zuten doinu berriak sortzeko, jarraitu du. Adibidez, ohorezko kontrapasarentzat bi kantu sortu dituzte: “Katu bi” eta “Zuretzat”. Urratsak betikoak baina doinua eta letra berriak dira.

Beren filosofia eta identitateari fidel, Pirritx, Porrotx eta Marimototsek hainbat mezu helarazteko baliatu dute egindako lan guztia. «Animalien mundua ekarri dugu gurera eta gu animalien mundura hurbildu gara, haiek baliatu ditugu gizakionak diren bizipenak, arazoak eta sentimenduak azaltzeko». Adibidez, maitasuna bizitzeko modu ezberdinak daudela. Krokodiloa tximeletarekin elkartu dute, eta elefantea inurriarekin. Hizkuntza gutxiatuak ere landu dituzte, baita feminismoa ere. “Ukuiluan planto” abestian feminismoaren aldarria egiten dute. Baserrian planto egin dute behiek, behorrek eta oiloek. «Lotu nahi izan dugu gaur egun feminismoak hartu duen indarrarekin». Botere gosea ere jaso dute, aulki jokoa dantzaren bidez. Txerria almirantea da, akerra lehendakaria… denek nahi dute beren ipurdien azpian aulki bat. Agintzeko. «Gaur egun bizi dugun mundua, gertatzen zaizkigun gatazkak eta arazoak gure begietatik ikusita azaldu ditugu. Eta aldarrikapen bat ere bada», laburbildu du Agirretxek.

Udaberriari begira ere badute proiektu bat, Errenterian egiteko. Gidoiaz Joxe Mari Carrere ipuin kontalaria eta GARAko kolaboratzailea arduratuko da. Hiru animalia ditu protagonista: Asteme asto heldua, ahozko tradizioan trebea, irakurtzea maite duen Katuko katua eta Oilarqueen, oilategiko erregina den oilarra. Transformatu egiten da. Yogurinha Borova bezala. Horregatik arituko dira elkarlanean eta Gabonen bueltan ikuskizun batekin ibiliko dira. «Bat egiten dugu helburuetan, sentimenduetan, harremanak ulertzeko moduan», dio.

Momentuz, “Bizi dantza” lanaren aurkezpenarekin jarriko dira. Atzo Lasarte-Orian egindako emanaldiarekin abiatutzat ematen dute bira. Gaur, Eskoriatzan izango dira (17.30) eta bihar Asteasun (17.00). Agenda xehetasun guztiak Katxiporreta.eus webgunean daude eskuragarri.