Alfontso DIEZ

Ikastolak, pipilera biziberritzeko eredu

Mexikoko tolteken ondorengoek hitz egiten duten hizkuntzarekin, nahuatl-arekin, lotura du galzorian dagoen nawat edo pipilerak. Egun, 75 hiztun gelditzen dira eta ez dago lekukoa hartuko dien belaunaldirik (beste 150 inguruk ezagutzen dute, baina ahozkoan ez dute erraztasunik). Guatemala, Honduras eta Nikaraguan desagertu zen bezala, El Salvadorren ere desagertu eta hizkuntza behin betiko galtzeko arriskua, beraz, benetakoa da. Jorge Lemus linguista salvadortarrak urteak daramatza pipilera biziberritzeko lanean eta horrexegatik jaso zuen 2010ean bere herrialdeko Kultura Sari Nazionala. 2003an pipileraren oinarrizko kontzeptuak irakasteko eskola proiektua jarri zuten martxan eta emakume indigena hiztunen inplikazioarekin egin du aurrera, batik bat. 400 neska-mutil inguruk hartu dute parte. Lemusek “Cuna Náhuat” izeneko proiektuan lan egiten du, haur indigenentzako murgiltze-eredu bat garatzen. Egunotan Nafarroan da –atzo Gobernuak egin zion harrera– eta egiten ari den lan horretan ikastolak erreferente dituela azaldu zuen.