GARA
gaza

Israelgo Armadak Gazari airez erasotzen jarraitu du

Asteartean Israelgo Armadak Jihad Islamikoaren adar armatuko komandantea hil zuenean abiatutako aire erasoek gutxienez 23 palestinar hil dituzte dagoeneko, tartean hiru adin txikiko.

Israelgo Armadak Baha Abou Al-Ata hil zuen asteartean, Jihad Islamikoaren beso armatuaren (Al Quds Batailoiak) komandantea. Geroztik, Gazako zerrendaren aurkako aireko erasoak ugaritu egin ditu, eta, atzoko egunean soilik, gutxienez 13 hildako utzi zituen.

Israelgo Armadak ez zituen eten Palestinako kostaldera bideratutako aire erasoak egun guztian zehar. Miliziano palestinarrek, berriz, goizean goizetik jaurti zituzten koheteak Israelgo lurretara Gazatik.

Jihad Islamikoak jakinarazi du ez zuela kontraerasoa eteteko asmorik. «Bakea berreskuratzeko saiakerek ez dute aurrera egin. Jihad Islamikoak uste du unea dela sionistek berriro abian jarritako hilketen politikari erantzuteko», nabarmendu zion erakundeko kide batek Reuters berri agentziari. Hamasek, Gazako zerrenda kontrolatzen duen talde islamistak, ez zuen parte hartu Israelen aurkako kontraerasoan.

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak, bere aldetik, ukatu egin zuen Israel biolentziak gora egitea bultzatzen ari denik, nahiz eta aire erasoek eta hildako palestinarren kopuruak gora egin duten Jihad Islamikoko kidea hil zuen erasoaz geroztik. «Ez dugu nahi biolentziak gora egitea. Hori bai, gure aurkako eraso orori kontraeraso bortitzekin erantzuten ari gara. Hobe du Jihad Islamikoak beranduegi izan baino lehen ulertzea», nabarmendu zuen Netanyahuk.

Bestalde, Nabil Abu Rudeina Palestinako Presidentetzako bozeramaileak nabarmendu zuen ezinbestekoa dela nazioartearen «berehalako esku hartzea» palestinarren aurkako bonbardaketak gelditzeko. Ildo horretan, Mahmud Abbas Palestinako Aginte Nazionaleko presidentea «ahalegin intentsiboak» egiten ari dela azaldu zuen, «Israelen eraso izugarria berehala gelditzea lortzeko».