GARA
DONOSTIA

Lakua gaur hasiko da aurrekontuak Elkarrekin Podemosekin negoziatzen

Lakuako Gobernuak martxan jarriko ditu 2020ko aurrekontuak onartzeko negoziaketak. Elkarrekin Podemosekin akordioa lortzea errazagoa iruditzen zaie eta Azpiazu Martinezekin bilduko da gaur, Gasteizen.

Pedro Azpiazu Lakuako Gobernuko Ogasun eta Ekonomia sailburuak Elkarrekin Podemosekin hasiko ditu gaur 2020ko aurrekontuak onartzeko oposizioko taldeekin martxan jarritako negoziaketak, EAJk eta PSEk osatzen duten koalizioak eserleku bat falta baitu Parlamentuan gehiengoa lortzeko. Hori dela eta, aurrekontuen luzapenarekin gobernatzen jarraitzen dute.

Aurrekontu proiektua 11.774 milioi eurokoa da, eta 300 milioi euro gehiagoko gastua jasotzen du. Zorrak ordaintzera diru gutxiago bideratu beharko denez, gainontzeko arloetarako gastua %2,9 handitzeko aukera izango da. Aurrekontuaren %10,5 genero ikuspegiarekin, soldata-arrakala murriztearekin, emakumeen aurkako indarkeriari aurre egitearekin eta berdintasun politikekin lotutako partidetara bideratuko da.

Pedro Azpiazu sailburuak aurreratu duenez, EH Bildurekin baino errazagoa iruditzen zaioElkarrekin Podemosekin akordioa lortzea. Hala ere, EH Bildurekin ere elkartuko da. Iaz, koalizio subiranistaren eta Lakuako Gobernuaren arteko negoziazioek huts egin zuten. PPrekin, aldiz, «askoz zailagoa» iruditzen zaio Azpiazuri akordioa lortzea. Izan ere, Alfonso Alonsoren alderdiak eskatzen du zergak 1.500 milioi euro jaistea, eta horrek «hotzikarak» ematen dizkio sailburuari.

Dena den, 2017ko eta 2018ko aurrekontuak PPren abstentzioaren bidez onartu ziren. 2019koak, berriz, erretiratu egin behar izan zituen Gobernuak, babes nahiko lortu ez zutelako.

Oraindik ez dago zehaztuta PPrekin noiz bilduko den, baina, Azpiazu sailburuak atzo ziurtatu zuenez, oposizioko talde guztiekin hitz egiten saiatuko da. Momentuz, Elkarrekin Podemosekin gaur arratsaldean bilduko da, Lakuako Gobernuaren Gasteizko egoitzan. Ziur aski datorren ostegunean bilduko da EH Bildurekin, bileraren xehetasunak oraindik zehaztu ez badira ere.