Maider IANTZI GOIENETXE
ANDOAIN

Geomatika euskaraz zabaldu nahi dute, eta herri eta udal txikien esku ere jarri

Geomatika urruti dugun hitz potoloa dela iruditzen ahal zaigu, baina egunero erabiltzen dugu konturatu gabe, Google Maps-era jotzen dugunean bertzeak bertze. Arlo honetan euskaraz egiten den foro bakarra antolatu dute Gislan kooperatibak eta UEUk gaurko, Gasteizko Ingeniaritza Eskolan. Xedea teknologia hauetaz euskaraz aritzeko elkargunea osatzea da, ingelesez edo gaztelaniaz egin ohi baita lan. Geomatika transbertsala dela erakutsiko dute.

Geografia Informazioko Sistemen (GIS) eta geoinformazioaren teknologien aplikazioaz mintzatzeko, erakunde publikoak, unibertsitateak eta enpresak bilduko dira gaur Gasteizen, teknologia horiek leku garrantzitsua hartu baitute euren egunerokoan. «Datu nahaspila informazio bihurtu eta jendartearen zerbitzura jartzeko ahalmena ematen dute. Are gehiago, errealitatea aztertu, irudikatu eta interpretatzeko ezinbesteko tresna bihurtu dira», adierazi diote GARAri UEUrekin jardunaldia antolatu duen Gislan kooperatibako kideek.

Euskal Herrian bi unibertsitatek ematen dute geoteknologien inguruko masterra, EHUk eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak, eta bi masterretako zuzendari akademikoak elkartuko dira mahai inguruan, Aitor Bastarrika eta Jesus Alvarez hain zuzen ere. Lakuako Lurralde Informazio Zuzendaritzako eta GeoEuskadi plataformako arduraduna, Juan Carlos Barroso, eta Espainiako Geografia Institutuko Gipuzkoako teknikaria, Oihana Mitxelena, ere izanen dira hizlarien artean.

Nahi adina aplikazio ditu

Aurkezpenotan, arlo hagitz ezberdinetako ikasle eta profesionalek parte hartuko dute. Guztiek geoteknologiak aplikatu dituzte. Adibidez, Gislaneko Ane Garaik Tolosako udalerriak uholdeen aurrean duen zaurgarritasuna aztertu du, EHUko Txomin Bornaetxeak biharko lur labainketak non eta noiz gertatuko diren, Itxaso Larrinaga baso iraunkorrek saguzarrentzat duten garrantziaz ariko da eta RAZ Advanced Solutions enpresako Ander Gortazar, Bilboko seinaleez.

Geomatika lurraldearen gainean informatika edo ordenagailu bidez gauzak adierazteko eta aztertzeko teknologiak eta prozesuak elkartzen dituen diziplina da. Mapak eta datu baseak lotzen ditu. Lurraldearen gainean adierazpena daukan edozein elementu edo gai aztertzeko balio du. Eta horren gainean erabakiak hartzeko ere bai. Edozein arlotan aplika daiteke: jendartean, ekonomian, soziologian, hirigintzan, ingurumenean…

«‘Geo’ lurra da, zerbait fisikoa, eta ‘matika’ informatikatik dator. Lurrazalean dagoen dena informatizatu daiteke», azaldu du Garaik. Berriki ezaguna egin da uholdeak gerta daitezkeen guneak erakusten dituen munduko mapa bat. Itsas maila igoko balitz zer toki geldituko liratekeen urpean azaltzen du.

Mikel Ayestaran kooperatibako presidenteak irribarrez oroitu du duela dozena bat urte karrera bukatu zuenean aipatzen zutela GISak etorkizuna izanen zirela, udal guztietan sartuko zirela, eta oraindik bultzaka dabiltza. Topografia ikasi zuen, gero Kartografia eta Geodesia. Garai geografoa da eta graduondoko bat egin zuen Geoinformatika eta analisi espazialean.

2007an Europar Batasunak Inspire direktiba onartu zuen. Bertan administrazio publiko guztiak deitzen zituen diru publikoarekin sortutako informazioa herritarren esku jartzera. Hortaz, gaur egun geoteknologiekin lan egiteko informazio pila dago. Paperetik digitalera pasatze horretan lan handia egin da. Kapak dira: biztanleriarena, eraikinena… Bata bertzearen gainean jarri eta analisiak egiten ahal dira.

Errenta maila ikus dezakegu alde batetik, bestetik bizi esperantza. Errenta mailaren arabera bizitza esperantza bat edo bertze izan daiteke. Aldagai ezberdinak batu eta hortik larrialdi plan bat egin daiteke, edo politika publikoak diseinatu.

«Orain arte zegoena digitalizatuta bakarrik sekulako saltoa eman da. Eta aurrerantzean zabalduko diren aukerak oraindik ez gara ikusteko gai», agertu dute. Akademia, enpresa eta erakunde publikoak buru-belarri ari dira geomatikan lanean.

Balio erantsia

«Google Mapsen zerbitzua guztiok eskuragarrien duguna da. Baina erakundeen antolakuntzara eta eguneroko kudeaketara ekarrita, hor dauka benetan geoteknologiak balio erantsia eta hazkunderako lekua, hor aurrezten dituzte milioiak, prozesu pila bat sistematizatuz», nabarmendu dute kooperatibako kideek.

Instituzioei duten informazio guztia batera aztertzeko aukera eskaintzen die Gislanek. «Udalerri bateko enpresa direktorioa eduki dezakezu alde batetik, non enpresa guztiak agertzen diren beren datuekin eta kokapenarekin, eta bestetik, uholde arriskuen mapa. Orduan, ariketa sinple batekin, azter dezakegu zein enpresa dauden uholde arriskuan. Eta automatikoki, uholde abisu bat badago, jakin dezakete zein enpresari abisatu». Hernanin egin dute.

Tolosako zaurgarritasuna

Ane Garaik Tolosako zaurgarritasuna aztertu du uholde egoera batean. «Zaurgarritasunaren kontzeptua nahiko berria eta zabala da. Eta ikuspuntu ezberdinetatik aztertu dut: soziala, fisikoa eta ekonomikoa. Formula batzuen bidez uholde bat gertatuko balitz udalerriak edukiko lukeen zaurgarritasun orokorra atera dut». Tolosan zaurgarritasuna hagitz baxua dela ondorioztatu du.

«Zaurgarritasunaren ikerketa honek garrantzia dauka hondamen naturalak gero eta gehiago eta sarriago gertatzen direlako eta gero eta eragin handiagoa dutelako».

Gislan zazpi langileko kooperatiba txiki bat da, irabazi asmorik gabekoa. Andoainen du bulegoa eta Euskal Herrian egiten du lan, euskaraz. «Geoinformazioaren potentziala euskaraz zabaldu nahi dugu, eta udal eta herri txikiei ere eskuragarri jarri. Software libreak eduki duen garapenarekin, duela hamar urte erakunde handiek bakarrik zuten teknologia bat gaur egun txikiek ere eduki dezakete», azpimarratu dute.