Maider IANTZI GOIENETXE
GIPUZKOAKO BERTSOLARI TXAPELKETA

AGIN LABURU IZAN DA LEHEN FINALERDI KOOPERATIBOAN BURU, ETA ILLUNBERA DOA

ARRASATEKO SEI BERTSOLARIKO KOOPERATIBA LANGILE IBILI ZEN ATZO. BATZUK ITXURAZ LASAIAGO, BERTZEAK NERBIOAK DANTZAN, BERTSOZALEA ASETZEA LORTU ZUTEN DENEN ARTEAN. UNEKA BEROTZEA ERE BAI, BATEZ ERE AGIN LABURUK, SAIO ERREGULARRA ETA EDERRA OSATUTA.

Kaleko hotza barrenean ere sumatzen zen. Beharbada, Arrasateko Uarkape pilotalekua gehiago bero zitekeen txaloz. Baina saioa aberatsa izan zen. Poliki-poliki hasi ziren hamarreko handian makineria martxan jartzen. Ariketa honetan, Eñaut Martikorenaren eta Nerea Elustondoren elkarrizketa iruditu zitzaigun borobilena. Parrandan dabiltzala neska bat deseroso ikusi dute, bien lagun batek ipurdia ukitu diolako. Egoeraz jabetu arren, eurenean jarraitu dute. Eñaut: «Whatsappez ere astakeriak iristen zaizkigu bapo/ gure artean marmarra baina ez degu esaten asko/ gero plazara irteten gera aurrerakoi itxurako/ eta gainera sarri prest gaude baita kontzentretako/ baina honekin isil-isilik gure laguna delako». Nerearen erantzuna: «Laguna da ta ezin zikindu degu gure imajina/ elkar babestu nahia delako guk hartzen degun dotrina/ baina halare ni sentitzen naiz koldarra bezain zikina/ norbaitek neri egingo balit guk egin degun berdina/ hura gorroto izango nuke egin duena adina».

Zortziko txikiarekin egin zuen aitzinera lantegiak eta hemen lehertu zen lehenbizikoz saioa, Agin Labururekin. Unai Mendizabalekin batera algaraka jarri zuen entzulea. Agin tatuatzailea da. Gaur Unai adineko bezeroak eskatu dio tatuaje bat egiteko zimurrak disimulatzeko. Indartsu ekin zion Astigarragakoak: «Modernizatzea da zuen erritua/ ta azala nahi dezu zaharberritua/ mapa egingo dizut neurri-neurrikua/ reliebe eta guzti Euskal Herrikua».

Zizurkildarraren gorputza marrazten joan zen, Txindoki eta guzti egin zion. Hala amaitu zuen Unaik: «Nere zimurrak dira neretzako drama/ azal zimurrez daukat nik terreno dana/ Murias Amenabar dabiltz banan-bana/ zuk e hau berdintzeko badaukazu lana».

Kontent ageri zen Laburu; ez zen gutxiagorako. Irungo final-laurdena irabazita, zuzenean igaro zen finalaurrekora. Eta finalaurrekotik zuzenean igaro da Illunbeko finalera. Elustondok ere saio ona egin zuen. Ez zuen, agurrean abestu bezala, «zerrajeruen herrian» Illunbeko sarraila irekitzeko giltza segurtatu, baina ikusi behar zer gertatzen den hurrengo asteburuetan Oiartzunen eta Tolosan.

Seiko motzeko ariketan, Labururen eta Elustondoren ariketa nabarmendu zen. Kirol elkarte bateko kideak dira. Dirua lortzeko Gabonetako Espainiako loteria saltzea proposatu dio Nereak Agini. Hala hasi zen legazpiarra: «Nola dirua urri dan/ loteriaren zingiran/ ta beste soluzio bat nola ez dagoen nigan/ entzundakoan segidan/ hara kontuak zer diran/ guk ez al degu ba parte hartzen Espainiko ligan».

Astigarragakoaren gogoeta: «Estu daukagu katia/ baino halere maitia/ neurtu zazu zer dan biharra ta borondatia/ hori baita gizakia/ barkaidazu esatia/ ez da berdina behartu edo guk nahi izatia».

Ariketa berri bat

Lehenbiziko finalaurreko honetan orain arte txapelketaren ibilbidean egin ez den ariketa bat estreinatu zen: zortziko txikian puntuka zortzi bertso osatu arte aritu behar zuten binaka. Martikorena eta Mendizabal hasi ziren, entzuleei irria ateraz. Txuri Urdin izotz jauregira joan dira patinatzera. Paretatik aldendu ezinda daude.

Eñaut hasita, hala osatu zuten lehenbiziko bertsoa: «Txuri-urdin gabiltza eta biok berde/ nere atzen badaukat more pixkat ere/ paretai helduta ta halare xelebre/ paretan jarraitzia guretzat mesede». Barra izkina oroitarazi zion Mendizabali egoerak, eta hala aipatu zuen: «Beste barra hortara ohituguak gaude/ baina hemen azpiak egiten du alde/ tira saia gaitezen suabe-suabe/ balantzan antza pixkat badauka halare».

Kartzelan, guraso edo ume

Kartzelan, gai irekia jarri zien Iker Iriartek: «Etxetik irteten ari zinela besotik heldu dizu». Baina Iñaki Apalategi ez bertze guztiek guraso eta seme-alaben paperetik kantatu zuten. Agin Laburuk hiru bertso eder kantatu zituen alaba gogoan. Hona lehena: «Bertsolariak ere bizi du majina bat komeria/ bertso saioen ordutegia izaten da loteria/ ta besterena bezelaxe da kasu honetan neria/ telebistari begira zegon lau urteko axeria/ sofa hortan eseria/ belaxe nator esan diot nik, baina bere aurpegia/ nik bezelaxe ederki daki, hori ez dala egia».

Nerea Elustondok ere guraso paperetik abestu zuen. Alabak negarrez eskatzen dio ez joateko. «Ni bihurtu naiz gure etxeko jardueraren zutabe/ gaixo badago nere babesa bilakatzen du aldare/ gure artean sortu zaiguna nolako lotura sare/ ez joateko nahia txikiak hor eskatzen dit halare/ nere kulpatik emozio hau sentitzen dut horren grabe/ zer dela eta ote naiz beti sentimendu honen jabe/ beraren aita joaten da ba batere kulparik gabe».

Saio osoan bezala, harritzea lortu zuen Martikorenak. Urduri sumatzen zen. Oraingoan puntutan azken eginagatik, perla ugari utzi zituen. Kartzelan ere azkar kantatu zuen, sinesgarri eta berezi, amak besotik heltzen dion haurraren ahotsarekin, baina ez zuen ariketa ongi borobildu azkenean.

Unai Mendizabal indartsu aritu zen familiaren habiatik askatasun bila abiatu den nerabearen paperean, eta berea izan zen kartzela puntuatuena. Unai Gaztelumendik antzeko bidea hartu zuen, sinesgarri. Hona añorgarraren bigarrena: «Berriro ere eguneroko berdina, hau arrazoia/ etxean nago horren lotuta eta kalean heroia/ orain burua jeitsi behar det, hemen ezin da jo goia/ ateratzean amak heldu dit, honek du honek sasoia/ berriro ere entzun beharra eguneroko sermoia».

Apalategik portalean eskaleak heldu ondotik honako hausnarketa egin zuen: «Denok amesten degu munduan etorkizun bat hobea/ baina denontzat adina toki ez dago bertan ordea/ gure estatua da soziala/ nik ere uste nahi nuke hala/ ta nork egin du legea?/ dirulaguntzak jasotzeko ere kendu diote ohorea/ gure limosnak neurtzen al du ba gizartean balorea/ nahiz eman dedan nere ajea/ eta sentitu ONGa/ ta egin dudan nirea/ hau al da konponbidea?».