I. C.
IRUÑEA

«Final guztietatik, oroitzapen txarrena hau da»

Kantxan bertan nabaritzen zitzaion, eta prentsa aretoan ondoren baieztatu zuen Jokin Altunak ez zuela batere gustura amaitu Lau eta Erdiko finala, bere ibilbideko bosgarren finala.

«Final txarra, sentsazio txarrarekin. Ez dut batere gozatu kantxan. Oso deseroso partida guztian. Bukaerara arte nahi nuen, baina ezin»; horiek bere lehen hitzak. «Txapelketa guztian eskuinarekin eman diot pilotari, baina gaur ez nion ematen. Ikaspuntu bat da niretzat. Aurrera joan behar nuen pilota batzuetara ez nintzen joaten; beste batzuetan atzera joan naiz aurrera beharrean. Ez noa batere gustura», gaineratu zuen.

«Oso partida bereziak dira eta inoiz ez dakizu nola sentituko zaren finalaren egunean. Izan ditut txapelketak non okerrago sentitu naizen eta finalak irabazi ditudan. Txapelketa honetan dena borobil atera zait, oso ondo sentitzen nintzen, eta finalerdietan erakustaldia eman nuen. Konfiantzarekin nengoen, gaur sentsazio horiek izatea espero nuen eta ez zaizkizunean ateratzen kolpe gogorra da. Orain nire jendearekin egotea tokatzen zait», azaldu zuen.

«Deseroso» izan zen, agian, gehien erabili zuen hitza. «Berak asmatu du bukaeran. Partida erdiraino nik oparitu egiten nion. Irabazi ezin duzunean baina partida ona egiten duzunean, gusturago joaten zara etxera», azaldu zuen Amezketakoak.

«Nik ikusi dudana da berak ere partida erdiraino oparitu egin duela eta nik nirea eman banu, takada handiagoak egingo nituzkeen. Berak agian erritmoa jarri du, baina nik maila askoz hobea ematen badakit, eta pena horregatik daukat. Ez dut ezertan asmatu. Jokatu ditudan final guztietatik, oroitzapen txarrena hau daukat», azpimarratu zuen triste eta amorratuta.

Partidak polemikaren bat ere izan zuen, baina Altunak ez zuen horretan sakondu nahi: «Ez naiz inor epaileei bronka botatzeko, gainera partida honetan klabea ez da hori izan». Eta pilotalekuaz ez zuen hitz bat bera ere egin nahi. «Ez dut pilotalekuaz hitz egin nahi», jaurti zuen Nafarroa Arenaz galdetuta.

Ezkurdiak jarritako erritmoa finala galtzeko faktore bat izan ote zen galdetuta, amezketarra ez zen ados agertu horrekin: «Nik erritmo handiko partidak jokatu izan ditut, eta bere kontra gainera, eta irabazi egin dut. Ez dut uste berak erritmo handiagoa jarri izanagatik galdu dudanik. Arrazoia izan da ni ez naizela ondo sentitu inoiz. Tantoa egiteko aukera duzunean eta ez duzunean egiten, gero defendatu egin behar duzu. Kolpe gogorra da, baina bihar jaiki beharko gara eta hurrengo helburura begiratu».

Egindako jokoarekin haserre, baina txapelduna goratu zuen Altunak. «Hemen txapelduna izaten da finala ondo jokatzen duena. Bera hobea izan da eta gauza hauek horrelakoak dira. Niri ere pasa zitzaidan. ‘Urruti’-ri irabazi nionean, partida bat galduta iritsi nintzen, txapelketan behetik gora nentorren, bera zen faboritoa eta azkenean gauza hauek gertatzen dira. Ezkurdiak lasaiago jokatu du eta beste batean izan beharko du.