Oihane LARRETXEA
SEXU ARRAKALA KULTURAN, AZTERGAI

SORKUNTZA EZ DA OASI BAT

KULTURA EZ DA OASI BAT EUSKAL HERRIAN, GENEROEN ARTEKO BERDINTASUNARI DAGOKIONEZ. ARRAKALA. DATUEK BERRESTEN DUTE. 2017AN IDATZI ZIREN LIBURUEN %34 SINATU ZITUZTEN EMAKUMEEK, ETA AURREKONTU HANDIAGOA DUTEN MUSIKA JAIALDIETAN GIZON GEHIAGO DAUDE.

Ñabardurak, hemen ere, ezinbestekoak dira pieza guztiak mahai gainean jarri eta puzzlea egoki osatu ahal izateko baina, oro har, esan daiteke genero arrakala, alegia, emakume eta gizonen arteko desparekotasuna errealitatea dela kulturako sorkuntza-arlo guztietan. Literatura, dantza, musika eta antzerkia. Lau itsaso horietan murgildu dira zortzi aditu (bi, sektore bakoitzeko) hilabete luzez egoeraren diagnostikoa egiteko. Datuak bildu, elkarrizketa mordoa egin, txostenak, memoriak aztertu… lan mardula izan da eta emaitzak orain atera dira argitara, Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak sustatu duen ikerketa honetan.

Miramar jauregian ezagutarazi zituzten ondorioak, hausnarketa eta jarraitutako metodologiaren zertzeladak. Helburua, etorkizunari begira urratsak adostea, era kolektiboan, arrakala apurka bada ere, txikitzeko.

Elkarri irakurri

Tere Irastortza idazlea izan zen hitza hartzen aurrenekoa. Berak literaturari dagokion atala aztertu du baina, datuez harago, hausnarketa proposatu zuen. «Idazten dugun guztiok idazleak al garen da galdera garrantzizkoa sistema ezagutzeko», bota zuen lehenik, ondoren emakume egileen gainean dagoen ustea (usteetako bat) kritikatzeko. «Emakumezkoak badirudi errealitatea islatu bakarrik egiten dugula gure idatzietan, baina idazten dugunean errealitatea eraldatzen dugu, horregatik gara ere eragile», aldarrikatu zuen.

Euskal emakume idazleek zein gutxi ezagutzen duten elkar aipatu zuen, eta hori gainditzeko proposamen bat bota zuen; «euskal emakumezkoen berri jasotzeko sistematika bat osatzea. Beharrezkoa da beti ditugulako problemak», adierazi zuen, ezizenen kasua adibidetzat jarriz.

Idazlearen ustez, «elkarren testuak irakurtzea da gure ikusgarritasuna bermatuko duena, eta gure irakurgarritasuna. Gu irakurriak izatea eta besteena irakurtzea da euskal emakume sortzaileon erronka handienetakoa, zeren ez dugu elkar ezagutzen». Hemen ere harritxoa: euskal emakumezko askok ikuspegi oso zabala dutela feminismoaz eta literaturaz, baina askotan «ez dugu irakurri edo ondo irakurri beste emakumeen obra, euskaraz. Eta irakurketa hori da birsorkuntza».

Literatura atalean egin den ikerketari dagokionez, Ainhoa Novo EHUko Gizarte Zientzietako doktoreak industriaren antolaketa aletu zuen, argitaletxeak aipatuz. «Barne antolaketari dagokionez, ez dira hain handiak enpresak eta ez dago selekzio prozesurik editore izateko, kontaktuak eta inguruak eragin handia du, konfiantzak eta gertutasunak. Gainera –erantsi zuen–, enpresa hauetan editorea eta gerentea pertsona bera da kasu askotan. Dagoena kendu behar da berria ekartzeko eta hori problematikoa izan daiteke genero aldetik», ohartarazi zuen.

Pausoak, hala ere, ematen ari dira. 80ko hamarkadan emakumeen presentzia «oso anekdotikoa» zen eta orain, aldiz, aldaketa gauzatzen ari da; orduan zuzendaritzan zeuden askotxo erretiratuta baitaude. Aldaketa ere, editore eta argitaletxeek egileen aukeraketan duten eskumen mailan. Lehenago «ezinbestekoak ziren»; egun, aukerak zabaldu egin dira idazle berrien gauzak argitaratzeko garaian egileak beste teknika batzuen bidez ezagutarazten baitira.

Datuetara begiratuz gero, deigarriak diren batzuk: emakumeek idatzitako liburuak gutxiago dira oraindik (%34). Fikzioan zertxobait gehiago (%37) eta are gehiago, haur eta gazte literaturan (2017an ere EAEko tituluen %40 emakumeek argitaratu zituzten).

Irastortzak berak gogorarazi zuenez, ehunka emakumezko «euskaraz idazten ari gara», eta ez soilik lan literarioak, ez baitzituen ahaztu nahi izan tesiak, sormen lanak… «Hor dago iraultza inportantea, emakume asko lan zientifikoak eta ikerketak egiten ari da, eta irakurketa hori ere elkartu behar du sortzailearenarekin, izugarrizko altxorra da», baloratu zuen.

Diru gehiago, gizon gehiago

Musika arloan egoera ere ez da hobea; are gehiago, azterketak ondorioztatu du diskoen sorkuntza dela emakumeen presentzia txikiena duen esparruetako bat. Adibidez, 2017an kaleratu ziren hamar diskoetatik seik gizonen bat izan zuten egile nagusi; emakumeen kasuan %9k baino ez.

Honen inguruan ikertu du Ainara LeGardonek. Mahai-inguruaren osteko azalpenetan jaialdi handi eta txikien artean izaten diren ezberdintasunak atera ziren argitara. Hala, baieztatu zuen zenbat eta aurrekontu handiagoa izan jaialdiak, gizonezkoen parte hartzea ere handiagoa dela. «Jaialdia babesten dutenak marka batzuk direnean eta hauek etekin ekonomikoa bilatzen dutenean, sarreren salmenta ona, eta abar, eragin muga txikiagoa duten eta marken babesa ez duten jaialdietan baino askoz ere gizonezko gehiago daude», baieztatu zuen.

Esaterako, horra aipatu zituzten bi kasu: BBK Live batean emakumezkoen presentzia %16,66koa den bitartean, Urretxuko KaleGorrian jaialdi autogestionatuak bi sexuen arteko oreka %50ekoa izango dela bermatzen du.

Dantza emakumearen irudiari estuki lotuta dago; hala berretsi zuen Igor de Quadrak. Hala ere, beste arloekin alderatuz gero, ondorioztatu dute egoera bestelakoa dela: konpainien %53an emakumeak dira buru, eta emakumeak dira Goi Mailako Dantza Eskolan matrikulatutako lagunen %82. Hala ere, hauek ikerketan adierazi dute gizonezkoak direla «pribilegiatuak gutxiago direlako eta hauek ‘mimatu’ egin behar direlako lan merkatuan sartzea lor dezaten».

Eta emakumeak kasu gehiagotan izan arren zuzendari, hemen ere gizonen alde agertzen da balantza, zeren «gizonek zuzendutako konpainiek 3,07 emanaldi dituzte, batez beste; emakumeek zuzendutakoek, berriz, 2,09».

Antzerkiaz mintzatu zen Eneritz Artetxe, plaza oraindik konkistatzeko dugula ohartaraziz. «Plaza publikoa emakumeen ezaugarrietan ez da sartzen, arrotz sentimendua eta autoexijentzia daude tartean, zalantzan jarriko gaituztelakoan».

Antzerki eskola guztietan emakumezkoak gehiengoa izan arren, profesionaletan gehiengoa diren estamentu bakarra jantzigintza da, eta horrek dena esaten du. Karreran aktiboki irauteko eskakizun estetiko eta adinekoetan ere emakumeari beste exijentzia batzuekin presio egiten zaio.