Amaia U. LASAGABASTER
Entrevue
ANE AZKONA
ATHLETICEKO JOKALARIA

«Lan gogorra egin barik saririk ez dagoela ikasi dut urte hauetan»

21 urteko antsoaindarrak laugarren denboraldia du Lezaman. Lehen taldean heldu orduko debutatu bazuen ere, orain arte bigarren talde zuri-gorriak gozatu du jokalariaren gaitasun goleagileaz (70 gol 62 partidatan). Baina Angel Villacampak jauzia egiteko garaia heldu zaiola pentsatu du etaAne Azkonak aukera eskertzeko modurik onena aurkitu du.

Athleticeko lau jokalarik baino ez dute denboraldiko partida guztietan parte hartu. Eta horien artean, bigarren taldeko fitxa duen bakarra. Ane Azkona, Angel Villacampa gazteei eman nahian ari den protagonismoa beso zabalik hartu duen jokalaria, hain zuzen ere.

Minutuak, golak... eta batez ere gozatzen zauden sentsazioa ematen duzu.

Bai, horrela da. Batez ere, konfiantzaz hitz egingo nuke. Parte hartze handiagoa izateak konfiantza handiagoa eman dit, askeago-edo sentitzen naiz gauzak egiten saiatzeko eta sentsazio horrekin errazagoa izaten da ondo irtetea.

Zure lanak ekarri zaitu hona, baina Angel Villacamparen erantzukizuna ere onartu beharko dugu. Aukera asko ematen ari zaizkizue gazteei.

Argi dago. Hasieratik esan zuen, izenari edo adinari begiratu barik, lan egiten zuenak jokatzeko aukera izango zuela eta esan bakarrik ez, egiten ari da. Egia da lesioak egon direla eta, beharbada, horrek aukera gehiago eman digula. Baina lesionatuak osatzen direnean, ondorioa ez da aulkira zoazela zuzenean, baizik eta konpetitibitatea handitzen dela. Konpetitibitate sano eta handia daukagu eta, dudarik gabe, ez dago gauza hoberik taldearentzat.

Aukerak eduki bai, baina aprobetxatu egin behar dira.

Batzuetan zalantzak izan ditzakezu, adibidez lesio asko izan ditugulako. Horrek jokatzeko aukera gehiago ematen digu lesionatu ez garenoi eta pentsa dezakezu gero zuzenean bueltatuko zarela aulkira. Baina nik uste dut denok, beteranoak zein gazteok, gure aukerak aprobetxatzen ari garela, baita lesionatuak osatu direnean. Eta horren ondorioa konpetitibitatea da. Konpetitibitate sano eta handia daukagu, eta nire ustetan hoberik ez dago talde batentzat. Izan ere, taldearen ibilbidean argi islatzen ari dela uste dut, gero eta hobe baikabiltza.

Lehiakortasuna handia izan arren, partida guztietan parte hartu duten lau jokalarien artean egotea lortu duzu.

Gogor lan egin dut, aukerak aprobetxatzen saiatu... Eta zorte pixka bat ere izan dut, golen bat sartuz, partida politak eginez... Ezin naiz kexatu.

Honainoko bidea poliki ibili duzu. Badira lau urte lehen taldearekin debutatu zenuela, baina orain arte ez duzu jarraitutasunik izan. Izan ere, bigarren taldeko fitxa daukazu oraindik.

Bai, batzuetan kosta izan zait leku edo egoera berrietara moldatzea. Heldu nintzenean ez neukan hainbesteko konfiantzarik, poliki-poliki lortu dut.

Jokalari batzuk askoz azkarrago eman dute pausoa.

Ez dizut gezurrik esango, hona etorri nintzenean gogo handia nuen lehen taldearekin jokatzeko. Eta batzuetan ikusten duzu beste jokalari batzuk igotzen direla eta zu ez eta... puf, ez da erraza. Baina jokalari hobea izateko aprobetxa dezakezun irakaspena dela uste dut, eta seguruenik pertsona hobea izateko ere bai. Pazientzia izan behar duzu, lanean indar eta gogo handiagoz jarraitu, burua altxatu... Lau urte hauetan bide bakarra lana dela ikasi dut, lan egin barik ez dagoela saririk eta eguneroko lan horrek ematen dizkizula konfiantza, aukerak eta fruituak. Batzuetan zaila da baina, zorionez, beti izan dut familiaren eta lagunen laguntza eta bidea egiten joan naiz.

2019 honetara heldu arte. Orain dela bi urteko urrezko dominarekin lehiatzea ia ezinezkoa da, baina abenduaren 31n zuretzat oso urte berezia amaituko dela esatera ausartuko nintzateke.

Eta asmatuko zenuke. Lehen taldearekin lehen gola sartu nuen urtarrilean, orain espero ez nuen denboraldi hasiera bizitzen ari naiz... Partiduak, konfiantza... Inflexio puntua izatea gustatuko litzaidake.

Eta urtarrilaren 1etik aurrera zer espero dezakegu?

Bide berberetik jarraitzea. Lan eginez eta gauzak ondo egiten saiatuz, fruituak jasotzeko. Bai pertsonalki bai taldeari dagokionez, gorantz jarraitzeko gogo handia daukagu.

LABURREAN

Jardunaldia. Euskal taldeei bidaiatzea tokatuko zaie 12. jardunaldian. Realak Sporting bisitatuko du larunbatean (16.00, Gol) eta Athletic Atleticoren aurka arituko da igandean (12.00).

Bigarren maila. Athletic Bk, Osasunak eta Alavesek 12. jardunaldiko norgehiagokak irabazi zituzten; Eibarrek, ordea, berdinketarekin konformatu behar izan zuen. Zuri- gorriek lehen postuan jarraitzen dute, Osasunak baino puntu bat gehiagorekin. Alaves laugarren dago eta Eibar, zazpigarren.

Sariak. 2019. urtea borobildu du Megan Rapinoek Ballon d’Or eskuratuz, Lucy Bronze eta Alex Morgan gaindituz. Frantzian eskuratutako saria, Munduko Txapelketari, bertako Urrezko Baloi eta Botari eta finaleko MVPri eta The Best sariari gehitu zaie.

Asia. Nippon TV Belezak eskuratu du AFC Women’s Club Championseko lehen edizioa. Bestetik, Asiako Konfederazioak Sami Kumagai izendatu du urteko jokalaririk onena eta Asako Takakura entrenatzaile onena, zazpigarren urtez.

Mexiko. Tigresek eta Monterreyk bana berdindu zuten Ligako finaleko lehen partidan. Txapelduna erabakiko duen itzulia larunbatean jokatuko dute.

Marka. Bristoli 11-0 irabaziz, Arsenalek FA WSLko historiako garaipen zabalena lortu zuen. Neurketako protagonista nagusia Viviane Miedema izan zen, sei gol eta lau asistentzia egin baitzituen. Bere taldea lehen postuan dago, Cityrekin berdinduta. Bi puntu gutxiago dauzka Chelseak, baina baita partida bat gutxiago ere.

Udaberria. Alemaniak Copa Algarvera itzuliko dela iragarri du. Frantziak, berriz, lehen aldiz antolatuko du nazioarteko txapelketa martxoko lehen astean. Brasil, Kanada eta Herbehereak izango ditu aurkari eta Valenciennes eta Calaisen lehiatuko da.

Lehenbizi. Santo Domingoko Federazioak emakumezkoen lehen Liga antolatu du. Larunbatean hasiko da, hamar taldek parte hartuz.