GARA
BILBO

Lester Alvarezen eta Jose Ramon Aisen lanak, Alondegian

Alondegiak eta Habanako Carlos Garaicoa estudioak antolatzen duten egonaldi programan parte hartu dute Lester Alvarez kubatarrak eta Jose Ramon Ais bilbotarrak. Bilboko Alondegiak Habanan garatu dituzten proiektuak hartuko ditu, urtarrilaren 26ra arte.

Bilboko Alondegiak Lester Alvarez (Camagüey, 1984) eta Jose Ramon Ais (Bilbo, 1971) artistek 2018ko Praktika Artistikoen Egoitzan garatutako proiektuen erakusketa inauguratu du.

Egoitza horrek Kubako eta Euskal Herriko artisten arteko elkartrukea sustatzen du eta testuinguru artistiko eta lokal ezberdinetan ikerketa eta lana bultzatzen ditu. Alondegiak eta Carlos Garaicoa estudioak Habanan gauzatzen duen Artista x Artista programak elkarlanean garatutako proiektua da.

Jose Ramon Aisek “Brillan en la noche” bideo sorkuntza aurkeztuko du, Kubako naturaren eszenetatik abiatuta sortutako fikziozko paisaia bat zeharkatzen duena, «gaueko amesgaizto bat, kokoriko eta intsektu bioluminiszenteek argiztatua eta panorama gisa eraikia», azaldu dute Alondegitik. Irudi horretan, herri kontakizunen atmosferak bat egiten du iraultzaren jatorrian enblematikoak diren paisaiekin.

Jose Ramon Aisek EHUn burutu zituen Arte Ederren ikasketak eta Jaurlaritzako Nekazaritza Eskolan egin zituen lorezaintza diseinuko ikasketak. Proiektuan, argazki sail bat sortu du, Kubako imajinarioa eta paisaia eratzeko izan diren prozesuez hausnartzeko, gertaera historikoak, naturako baliabideen erabilera eta ustiapena, aldaketa soziopolitikoak, eta, batez ere, eguneroko erabilerak eta jendeak naturarekin duen harreman emozionala aintzat hartuta.

Lester Alvarezen bi lan

Bestalde, Lester Alvarez artista kubatarraren bi proiektu daude ikusgai: “La Noche en Cuba” eta “Viaje del inquisidor Alonso de Salazar”.

“La Noche en Cuba” 1959tik 2019ra bitartean margotutako akuarelen sorta da, gauari egindako erreferentzietan oinarrituta, eta batez ere 1959az geroztik argitaratutako literatura kubatarraren barruan kontatutako ametsetan sortua.

«Ametsen erresuma irrazionalak boterearen edozein kontakizun antolatu eta totalizatzaile dinamizatzen du. Proiektu horren bidez, artistak Kubaren irudi bat landu nahi du bere azken hirurogei urteetan, bere literaturaren zatiak partitura-puntu gisa hartzean, klasikotzat jotzen duenetik hasi eta debekatua edo ahaztua izan deneraino», zehaztu dute Alondegitik.

“Viaje del inquisidor Alonso de Salazar”, berriz, 1611ko maiatzean Alonso de Salazarrek Nafarroako mendietan zehar egindako bidaiaz idatzi zuen txosten oparoa ardatz hartu duen instalazioa da; haren bidaia berregitea da asmoa, «ebidentzia» batzuk bilatzeko.

Lester Alvarezek Instituto Superior de Arte (ISA) erakundean bukatu zituen goi mailako ikasketak 2011n. Orduz geroztik, sortzaile ibilbidea garatzen hasi zen; denbora joan ahala, aukera izan du banakako erakusketak egiteko eta proiektu kolektibo askotan parte hartzeko. Haren lanak sariak ere jaso izan ditu, hala nola Ingalaterrako Emerson Collegeko Tengo Frio Artist Group beka eta Italiako Sardinian jasotako ISOLE Nazioarteko Pintura Bienalaren IX. edizioko lehenengo saria.

Alondegitik nabarmendu dutenez, egonaldi artistikoen programak «baldintza egokiak eskaintzen dizkie sortzaileei, material eta espazio aldetik, zentroak dituen programei eta ekintza ildoei lotuta dauden sorkuntzako proiektuak garatzeko». Urtarrilean, 2020ko deialdia irekiko da bi egonaldi artistikotarako: dantza Garaikidea eta Praktika Artistikoak.