GARA
Donostia

Aurrerapausorik ez Gipuzkoako erresidentzietako lan gatazkan

ELA, LAB, CCOO eta Gipuzkoako erresidentzietako bi patronal nagusien arteko azken bileran ez da urratsik eman. Aldundia, bilerara deituta zegoen arren, ez da bertaratu. ELAk beste hilabete bateko greba erregistratu du, baina gaur erabakiko du deialdiarekin aurrera jarraitu edo ez.

Bere horretan jarraitzen du Gipuzkoako erresidentzietako lan gatazkak. ELA, LAB eta CCOO sindikatuak eta sektoreko bi patronal nagusiak (Adegi eta Matia) elkartu ziren atzo, Lan Harremanen Kontseiluan, eta ez zuten inolako aurrerapausorik eman. Gipuzkoako Aldundia ere gonbidatuta zegoen bilerara, baina ez zen agertu, UGT sindikatua eta Garen eta Lares patronalak bezala. Horren harira, ELAko arduradun Txomin Lasak Aldundiaren jarrera kritikatu zuen: «Azterketa gainditu ez eta, konponbidea jarri baino, etxean ezkutatzeaz gehiago kezkatzen den ume baten jokaera da. Publikoki zer egingo duten esan eta, ondoren, ez dira bilerara bertaratu ere egin».

Sektoreak, ELAren deialdiei erantzunez, 148 greba egun egin ditu dagoeneko. Gaur bukatzen da hilabete bateko azken greba deialdia eta sindikatuak beste hilabete bateko iragarpena erregistratu zuen atzo. Ez zuten zehaztu zein hilabeterako deitu duten. Dena den, gaurko asanbladan erabakiko dute deialdiarekin aurrera jarraitu edo ez.

Gaur bertan elkarretaratze bat egingo dute langileek Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzaren parean, eta, ondoren, manifestazio bat egingo dute. Egoeraren balorazioa eta asanbladan erabakitakoa azaltzeko prentsa agerraldia egingo dute segidan.

Azaroaren hasieran UGT eta patronalak akordio partzial bat sinatu zuten. Gainontzeko sindikatuek, aldiz, ez zuten akordioa babestu. Atzo ELAko ordezkariak azaldu zuenez, akordio horren ondotik Aldundiak 5 milioi euroko finantzazioa ematea onartu zuen, «baina ez du euro bakar bat ere jarri 2017ko eta 2018ko soldatetan». Hori da negoziazioaren desadostasun handiena. «Erosahalmena galtzea suposatzen du eta ez dugu bi urteko greba egin bidean dirua galtzea ekartzen duen akordio bat sinatzeko», jakinarazi zuen.

Horrez gain, kexu agertu zen Lasa negoziazioan «soldatei buruz bakarrik» hitz egin delako, «sektorearen erdia kontratu partzialez beteta dagoenean edo langileek ratio eta lan karga handiak dituztenean». «Beste gauza asko gelditzen dira oraindik argitzeko», abisatu zuen.