Maite UBIRIA BEAUMONT
ERRETRETEN ERREFORMAREN KONTRAKO MOBILIZAZIOA

BIRIBILGUNEZ BIRIBILGUNE, ERREFORMA IRTEERARIK GABEKO BIDEAN SARTU NAHIAN

BIRIBILGUNETIK BIRIBILGUNERA ETA ZUBITIK ZUBIRA, 2.000 LAGUN INGURUK PARTE HARTU ZUTEN ATZO BAIONAN SINDIKATUEK ETA MUGIMENDU SOZIALEK ERRETRETEN ERREFORMAREN AURKA ANTOLATURIKO BIGARREN MOBILIZAZIO EGUNEAN. BIHAR, BERRIZ, ANGELUN JARRI DUTE HITZORDUA. HAIN ZUZEN ERE, SALTOKI HANDI BATEN ONDOAN ELKARTZEKO DEIA EGIN DUTE, «LANGILE GUZTIEN KALTERAKO MACRONEK AGINDUTAKO EGITASMOA BERTAN BEHERA UTZI ARTE JARDUERA EKONOMIKOA GELDIARAZTEKO GAITASUNA BEHAR DUGULAKO ERAKUTSI».

Egunero-egunero milaka autok zeharkatzen duten Grand Basque biribilgunean goizean goizetik giro berezia sumatzen zen atzokoan. Lehen ordurako, Force Ouvriere (FO) sindikatuko furgoneta errepide alboko bidexka batean zen geldi. Handik gutxira, CGT eta FSU sindikatuetako kideak hasi ziren autoz bertaratze, lauzpabost laguneko taldetan, Polizia biribilgunearen bestaldean adi begira zutela.

Jaka Horien mugimenduko kideak heldu ziren ostean, erretreten erreforma salatzeko xede zuen ekimena hastear zela jada. Bozgorailuak, banderolak eta trafiko segurtasuneko araudiaren aurkako maniobrak aintzat hartuta, ordurako ezohiko itxura zuen A-63 autobidetik gertu dagoen Grand Basque biribilguneak. Azken uneko urduritasunak uxatze aldera, Txaleko Horien ikurra zeraman andre batek algaraka hartu zuen LAB sindikatuko kideen auto karabana, banderola gogoz astinduz harrera gisa.

Bat-batean, ibilgailuen zarata eta kea desagertu eta errepidea jendez bete zen. Ondorioz, A-63 autobidearen bai sarrera bai irteera blokeatuta geratu ziren.

Baionako erietxeetako langileak, Turbomeca edo Dassault enpresetako beharginak, irakasleak, ikasleak, pentsiodunak, jardunean diren langile prekarioak. Guztiek elkarrekin irudikatu zuten ordu erdi luze batez erretreten erreformak gizarte sektore zabalengan eragiten duen kezka Gran Basqueko biribilgune handia inguratuz.

Polizia aurrez aurre

A-63 autobidearen sarrera babesten ari ziren poliziengana hurbildu ziren, ziztu batean, Jaka Horien mugimenduko dozenaka lagun. «Zatozte gurekin!» oihu egin zieten ordurako kaskoa eta ezkutua jantzita zituzten uniformedunei. Handik gutxira, jaka hori batek, besoak altxatuz, «sindikatuko kideok, etor zaitezte!», egin zuen deiadar biribilgunea babesten zuten manifestariei begira. Ez zen erantzunik izan, ez polizien aldetik, ezta gainerako manifestarien partetik ere. Hori horrela, polizien eta jaka horien arteko liskarrak ez zuen luze jo, eta martxa abiatzeko agindua fite heldu zen.

Grand Basque biribilgunea atzean utzita, Saint Frederic zubia zeharkatu ondoren, martxa Lapurdiko zubiraino heldu zen kantu eta oihu artean. Ordurako eguzkiak Baionako karrikak berotzen zituen. Baita grebalarien mingainak ere.

«Dagoeneko erretretan naiz, baina hona etorri naiz pentsatzen dudalako denon artean indarra egin behar dugula guztiontzako kaltegarria den erreforma gelditzeko», azaldu zigun Louisek, FSU sindikatuko banderola harrotasunez atxikiz.

«EHPAD egoitzetako langileok protesta anitz egin ditugu gure lan baldintzen zein egoiliarren eskubideen alde. Gaur ere hemen gaude, denon etorkizuna delako jokoan», aipatu zigun, bere aldetik, Nicolek.

Manifestazioaren helmugatik gertu, Jean Dauger kirol eremuaren parean, espaloitik begira ziren 80 urtetik gorako Jean-Paul eta Marie-Jeannerekin egin genuen topo. Aitortu zigutenez, «guk ez dugu jada horrelako martxa luzerik egiterik, baina gu ere haserre garelako hurbildu gara. Bizi osoan lan egin ondoren pentsio duina eskuratzea gutxienekoa da».

Bertatik metro gutxira, San Leonen, «justizia sozialaren aldeko mezua» lau haizetara zabaldu zuten martxaren antolatzaileek. Behar den beste karriketatik pusatzeko deia egin zuten, Macronen erreforma kale itsu batean sartu arte.