GARA
IRUÑEA

Greba orokorreko aldarrikapen zerrenda berretsi dute Iruñean

Urtarrilaren 30eko greba orokorra aurkezteko ekimenak egiten jarraitzen dute Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartan dauden eragile sozialetako ordezkariek. Iruñean izan ziren atzo eta, beste behin ere, pentsio, lan baldintza eta bizitza duinak aldarrikatu zituzten.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak iragarritako greba orokorra aurkezteko ekimen ugari egiten ari dira. Atzo Iruñearen txanda izan zen, eta zenbait eragile sozialetako ordezkariak izan ziren agerraldian. Azaroaren bukaeran Donostian egin bezala, grebarako aldarrikapenak zerrendatu zituzten Katakraken.

Pentsio eta bizi baldintza duinak bermatzeko funtsezko eskariak jasotzen ditu Eskubide Sozialen Kartak egituraturiko zerrendak. Hogeita hamar aldarrikapenetik gora jaso dituzte.

«Bestelako eredu sozioproduktibo baten aldekoa» izango da Hego Euskal Herrian iragarri den greba hau. Aberastasuna modu justuan banatzea, pentsioen sistema publikoa defendatzea eta eskubide sozialak bermatzea dira, oro har, aldarrikapen nagusiak.

«Grebarekin neurri jakin batzuk hartzeko beharrizana azpimarratu nahi dugu, prekarizazioari mugak jartzeko, azken urteetako murrizketak atzera botatzeko, lan prekaritatea ezabatzeko, lan baldintzak duintzeko eta eskubide sozialak defendatzeko», argitu zuen LABek.

LAB, ELA, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuek bat egin dute pentsiodunen deiari erantzun dion mobilizazio honekin. UGT eta CCOO ez dira atxiki deialdira. Pentsiodunen plataforma batzuetako kideak ere ez ziren ados agertu greba iragartzeko erabilitako moduarekin.

Pentsiodunen aldarriak

Aberastasunaren banaketa justua, pentsio publiko eta eskubide sozialen defentsa bezalako aldarrikapen orokorren barnean zehaztapen batzuk egin ditu Eskubide Sozialen Kartak. Ehun eragile sozial eta sindikal baino gehiago batzen dira antolakuntza honetan.

Horien artean aurkitzen da, esaterako, Estatu espainolak 2011. eta 2013. urteetako erreformetan onetsitako pentsio murrizketak indargabetzea. Erretiroa 65 urterekin hartzea eta 30 urte kotizatuta izanez gero 61 urterekin erretiratu ahal izatea dira grebak barnebiltzen dituen eskaeretako batzuk.

Pentsioa kalkulatzeko azken 15 urteak kontuan hartzea, pentsioen erosahalmena bermatzea gutxienez KPIaren araberako igoerarekin eta pentsioen jasangarritasun faktorea kentzea ere aldarrikatuko dituzte.

Pentsioen defentsak pisu handia hartu du greba orokorraren deialdi honetan, Hego Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak deitutako «mobilizazio orokorrari» forma eman baitio Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak. Pentsiodunek ia bi urte daramate kalean mobilizatzen, eta grebarako haien aldarriak hartu dira oinarri.

Lan harremanetarako eta babes sozialerako esparru publikoa bermatzeko aldarriak ere indarra hartuko du urtarrilaren 30ean. Pentsio osagarriak 1.080 euroraino; 1.200 euroko gutxieneko soldata eta astean 35 orduko lanaldiak; DSBEari dagokionez, Herri Ekimen Legegilea onartzea; eta soldata arrakalaren, diskriminazioaren eta indarkeria matxistaren aurkako lege bat onartzea exijitzen diete Lakua eta Iruñeko gobernuei.

Gainontzean, Zapatero eta Rajoyren lan erreformak deuseztatzea, enplegu egonkorra sustatzea, kontratazioko iruzurra zigortzea, prekarizazio formula oro kentzea (etxeko langileen erregimen berezia, autonomo faltsuak, uberizazioa...) eta eskubide sozialen bermea ere eskatuko da grebaren bitartez.