Andres OSA «SAKONA»
Aizkora

Euskadiko 3. mailako txapelketa, Otxandion

Euskadiko 3. mailako aizkolari txapelketa Otxandioko Mañaondoko pilotalekuan jokatuko da bihar, 17.30ean. Aizkolariek egin beharreko lana da hiru enbor kana-erdiko (54 ontzakoak) eta bi 60 ontzako ebakitzea. Sei aizkolari arituko dira: Luis Mari Polanko, Julen Aranbarri, Txomin Amundarain, Ioritz Gisasola, Eneko Saralegi eta Goizeder Beltza. Sei hauetatik, aurreneko biek datorren urtean bigarren mailan jardungo dute. Ez da ikusten faborito garbirik, seiak paretsu ariko diren iritzia dago. Hirugarren maila izanik, ilusioz prestakuntza oso serio egin dutela esan behar da.

Sokatira Berriozarren

Bihar, Berriozarko kiroldegian, emakumezkoen 260 kilokoan lauko sei talde izango dira lanean. Azken ekitaldia dute. Parte hartzaileak, Beti-Gazte, Badaiotz A, Badaiotz B, Gaztedi, Ibarra eta Txantrea B. Gizonezkoek ere 300 kilotan azken ekitaldia jokatuko dute. Hemen ere sei talde: Ibarra, Beti-Gazte, Ñapurrak, Gaztedi, Berriozar B eta Antsoain. Lan hauek burutu ondoren, talde mistoek 280 kilotan ekitaldi bakarrera Artziniegan izango dute jardunaldia hilaren 21ean.

Urrezko Aizkolariak Urrestillan

Igandean, 12.30ean, Urrestillako Txikuri pilotalekuan jokatuko da aizkolarien, harri jasotzaileen eta ingude jasotzaileen ekitaldia. Aizkoran Mikel Larrañaga azpeitiarra eta Jon Rekondo leitzarra lehiatuko dira. Bakoitzak hamarna enbor kana-erdiko izango ditu. Gabonetako Harri-jasotze Kopan bi indartsu neurtuko dira: Beñat Telleria eta Mateo Coloma. Eta Gabonetako Emakumezkoen Ingude Kopan Nerea Egurrola eta Virginia Finol neurtuko dira.