GARA
BILBO

Zarragari babesa adierazi eta hizkuntza eskubideak errespetatzeko eskatu dute

Hizkuntza Eskubideen Behatokiak, Euskal Herrian Euskaraz-ek eta Bilboko Konpartsek, besteak beste, Arkaitz Zarragari babesa adierazteko elkarretaratzea egin zuten atzo, Hau Pittu Hau! konpartsako kideak epaitegira joan behar izan zuen egunean.

Iazko Aste Nagusian, txosna desmuntatzen ari zirela, udaltzain batek Zarraga gerarazi zuen eta bere burua identifika zezala eskatu zion. Hark euskaraz egiteko eskatu zion agenteari, baina udaltzainak uko egin eta eztabaidan hasi ziren. Horren ondotik, espedientea ireki eta Mozal Legea baliatuz bi isun ezarri zizkion Udalak, guztira 900 euro.

Auziak epaitegian amaitu zuen atzo eta, horregatik, elkarretaratzea egin zuten auzitegi atarian, Zarragari babesa adierazi eta Udalaren jarrera salatzeko.

Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekak nabarmendu zuenez, «ez da lehen aldia segurtasun indarrek herritar baten hizkuntza eskubideak urratzen dituztela». Udaltzainekin ez ezik, gainerako segurtasun indarrei dagozkien kexak jaso izan ditu Behatokiak.

Era berean, deitoratu zuen zenbait erakunderen aldetik, lanpostuen eskaintzak egiten dituztenean, hizkuntza eskakizuna «herritarrekiko zerbitzuan behar-beharrezko» bezala ez hartzea. «Herritarren zerbitzura ari den pertsona oro herri horretako berezko hizkuntzak ulertu eta zuzentasunez erabiltzeko gai izan behar da», adierazi zuen Gaubekak, Zarragaren kasuan Bilboko Udalak eman zuen erantzuna «lotsagarria» izan zela gaineratuz.

«Norabide erasokorra»

Bilboko Konpartsek, Zarragari babes osoa adieraztearekin batera, azken urteotan Bilboko Udaltzaingoak hartu duen «norabide erasokorra» gaitzetsi zuten. Haien iritziz, iaz gertatutakoa «konpartsoi ez ezik, euskaldun eta herritar denei ere egindakoa» izan zen, «eta ez du kabidarik gure jai eredu herrikoian». Juan Mari Aburto alkateak eta Tomas Del Hierro Segurtasun zinegotzi ohiak «Udaltzaingoari markatutako norabide erasokorraren ondorioa» da auzi hau beren ustez.

Udalaren segurtasun politikarekin «erabateko desadostasuna» agertu izan dute konpartsek eta, horrez gain, «ustezko segurtasun hori bermatzeko erabiltzen diren jarrerak eta ekintzak Udalari eskuetatik ihes egin diote. Hizkuntza eskubideei iseka egin eta Mozal Legea ezartzea dira sekurokraziaren alde egindako apustuaren ondorioa», salatu zuten.