Maria del Rio
Zuzenbidean doktorea
JOPUNTUA

Larderia

Ez dakit bakarrik nire sentsazioa ote den, baina azkenaldian epaiei arreta handiagoa jartzen diegula esango nuke. Asteotan, besteak beste, «De Miguel auzia», Oriol Junquerasen epaia edo La Arandinakoen zigorra eztabaidatzeko aukera izan dugu. Garbi dago zenbait gaitan gizarte pertzepzioa asko aldatu egin dela eta jarrera batzuk ez direla gaur onargarriak. Dena den, epaiak gero eta lagun gehiagoren ahotan egon arren, nabarmena da askotan ez direla behar bezala ulertzen. Bereziki deigarria gertatu zait hiru futbol jokalarien erasoen epaiaren ostean izaten ari diren zenbait erreakzio.

Jakina da sexu askatasuna askatasunaren beraren eremu garrantzitsuenetarikoa dela. Hala ere, zenbait pertsonak mugatua dute eskubide hori, esaterako 16 urtetik beherakoek –biktimaren kasua legez–. Horiei ez zaie erabakitzeko autonomiarik aitortzen sexu esparruan, sexu ukigabetasuna izango da bermatuko zaiena. Beren nortasunaren garapen normala eta ongizatea babestea da horren helburua; finean, objektu sexual gisa erabiliak izatea ekidin nahi da.

Halaber, zehaztua dago sexu erasoa gertatuko dela sexu izaera duten portaerak indarkeria edo larderia erabiliz egiten direnean. Larderiak beste pertsona batengan beldurra sortzea eskatzen du, baina ez biktimaren erresistentzia. Are gehiago, onartua dago inguruko faktoreek izan dezaketen garrantzia, gaitz zehatz baten mehatxurik egon ez arren –leku isolatuetan izatea, erasotzailea indartsuagoa izatea edo biktima askoz gazteagoa–. Horrela, erasoa gertatzen den bitartean han diren beste pertsonek, dudarik gabe, larderia egoera sortu edo indartuko dute, biktima lotzen ez badute ere.

Aranda de Dueron kontzentrazio bat deitu zuten erasotzaileak babesteko, udala isilik zegoela; sare sozialetan eta komunikabide batzuetan zalantzan jarri izan da biktimak esandakoa eta bere audioak eta datu pertsonalak ere hedatu dira. Gizarte aintzatespena duten mutilen aurrean, adinagatik bereziki ahula zen neska beste behin birbiktimizatzea erabaki da. Ez ote da biktima berriz ere beldurrarazi testuinguru jakin bat dela eta?