Andoni ARABAOLAZA
MENDI LASTERKETAK

Hitzordu nagusi batzuk hasi dira euren asmoak azaltzen

Gorbeia Suzien probak izen-emate epea zabaldu du, Hiru Handiak lasterketa urtero egingo da eta Ultren Euskal Herriko Txapelketa maiatzean jokatuko da.

Urte berriarekin batera, mendi lasterketen edo trail running-eko proben egutegiak hasi dira martxa hartzen. Urtero legez, Euskal Herrian makina bat lasterketa jokatuko dira. Eta pixkaka-pixkaka hitzordu nagusi batzuek dituzten asmoak ezagutzen hasi gara. Gorbeia Suzien lasterketa, adibidez, irailaren 27an jokatuko da. Zortzi hilabete falta dira, beraz, Zeanuriko proba entzutetsurako. Hori bai, aurreratu beharra daukagu izen-emate epea hilaren lehendabiziko egunean zabaldu zela. Itxi, berriz, 31n egingo da. Antolatzaileek azaldu digutenez, zortzigarren ekitaldian parte hartu nahi dutenek 19ra bitartean lasterketaren web orrian (www.gorbeiasuizien.eus) izen-emateko formularioa bete beharko dutela.

Gogoratu behar dugu 31 kilometro eta 2.400 metroko desnibela duen Zeanuriko lasterketa Skyrunner World Series zirkuituko hitzordua izango dela. Horrela bada, Zeanuriko irteera puntuan munduko espezialista nagusietako batzuk ikusi ahal izango dira.

600 korrikalarik izango dute parte hartzeko aukera, eta antolatzaileek esan digute 125 dortsal gordeko dituztela eliteko lasterkarientzat, zirkuituko korrikalarientzat eta babesleentzat. Horrez gain, emakumeen parte hartzea bultzatuko dute: «Ahalegin berezia egin nahi dugu emakumeen presentzia handitzeko. Hori bermatzeko, iazko emakume kopurua bikoizteko asmoarekin dortsal kopuru jakin bat gordeko dugu haientzat». Dortsalen zozketa, bestalde, hilaren azken egunean Zeanuriko udaletxean egingo da. Azkenik, antolatzaileek iragarri dute aurtengo ekitaldian lasterketa labur bat ere izango dutela: Gorbeia Suzien 21K.

Muturreko distantziak

Distantzia laburragoetatik muturrekoetara egingo dugu salto. Lehenik eta behin, aurreratu behar dugu Manuel Iradier Mendizale Elkartearen eta Ascentium enpresaren arteko lankidetza hitzarmenaren eskutik, Hiru Handiak lasterketa entzutetsua urtero egingo dela.

Gogoratu behar dugu Hiru Handiak proba ultra trailen munduan Euskal Herrian zein espainiar Estatuan egin zen lehena izan zela. 1987an egin zuen lehen urratsa, eta, urteen poderioz, muturreko distantzian erreferente bihurtu da.

Aitzindariak izateaz gain, antolatzaileek azpimarratu nahi izan dute ahalegin berriak merezi duela: «32 urte hauetan etengabe premia eta eskakizun berrietara egokitzen asmatu dugu. Horretarako, urtetik urtera lasterketak dituen eite asko hobetzen saiatu gara. Adibidez, beharrezko diren baliabideak sendotzea izan dugu helburu. Eta proba hau urtero egitea, lasterkariek maiz helarazi duten eskariari erantzuna ematea besterik ez da izan». Urriaren 17an jokatuko da, baina izen-emate epea otsailaren 15ean zabalduko da honako helbide honetan: www.hiruhaundiak.com.

Basque Ultra Trail Series zirkuitua ere aipatu behar dugu, aurtengo Gasteiz-Iruñea lasterketa ultra distantziako Euskal Herriko Txapelketarako baliagarria izango delako. Hala erabaki dute BUTS zirkuituak eta Euskal Mendizale Federazioak. Arabako eta Nafarroako hiriburuak lotzen dituen probak 130 kilometro ditu (6.150 metroko desnibel positiboa). Beriain mendi ezaguna da ibilbideko puntu gorena. Irteera Gasteizko Andra Mari Zuriaren Plazan izango da maiatzaren 1an (arratsaldeko zazpietan), eta korrikalariek 33 ordu izango dituzte gehienez ere ibilbidea osatzeko.

Gasteiz-Iruñea probako izen-ematea zabalik da helbide honetan: www.basqueultratrail.com.