gara, donostia

Itxaropenari eusteko herri mugimendutik estutu beharra dago

«Orain presoak» leloa aldarri, 80.000 pertsona manifestatu ziren Bilboko eta Baionako kaleetan. «Orain da unea» esaldia behin eta berriz entzun da hitzordu honen aurretik, Estatu espainolean eratu berri den Gobernuan eta Emmanuel Macronek iazko maiatzean adierazitako hitzetan oinarrituta. Itxaropenez begiratzen zaio etorkizun hurbilari, baita zuhurtziaz ere, ekintzek adieraziko baitute non jarri begirada. Itxaropena galdu behar ez delakoan dago gizartea –izan kultura eragilea, presoaren senidea, herritarra edo preso ohia–, baina itxaropena bizirik mantentzeko, gizarteak indarra egin behar duela ez dute zalantza egiten. Urteroko hitzordu hau amaiera bat edukitzeko pentsatua izan baitzen.

A.U.A. |

Garazi Hach EMBAREK IRIZAR

«Kontua ez da soilik Gobernua, gu zertarako prest gauden baizik»

«Presoengan eta hauen senitartekoengan pentsatzen gauden guztiok nahi diogu honi amaiera eman. Baina nahi dugu baita amaiera on bat izatea». Horixe zioen Garazi Hach Embarek Irizarrek, zeinak bere atxikimendua erakutsi zuen manifestazio onekiko, bere izenean.

«Helburua amaiera da, oso garbi daukagu, eta urratsak egiten joatea oso garrantzitsua da. Bitartean lan asko dago egiteko eta espetxean daudenek pairatu behar dutenez guztia, gutxienez eskubide eta baldintza minimo batzuk geureganatu behar ditugu», adierazi zuen.

Itxaropena inoiz galdu behar ez den kontua delakoan da, «euskaldun eta saharar naizen aldetik. Ezin dugu etsi; beti saiatu behar gara borrokatzen, beti daukagu zer egina». Madrilen eratu den Gobernu berriari begira, «kontua ez da soilik Gobernuan nor dagoen, baizik eta gu nor garen eta zer egiteko prest gauden». Bide luze hau «berdinok hasi eta berdinok» bukatzea eskatu zuen.

A.U.A. |

Jagoba GOITIA

«Beti da unea, beti da momentua, baina ez da gauzatzen historia»

Jagoba Goitiak dio esperantza ez dela inoiz galdu behar. Une egokian gaudela errepikatu da aurreko egunetan, eratu berri den Estatu espainoleko Gobernuan esperantzak jarriz. «Beti da unea, beti da momentua baina ez da gauzatzen historia». Dena den, jendearen elkartasuna «behar dugu, horrela lortuko dugu; osterantzean, ez».

Oier Goitiaren aita da, semea ekainean irtengo da kartzelatik, zigor osoa beteta. Bost urte egin zituen Estatu frantseseko espetxean, eta hamargarrena betetzen ari da Estatu espainolean, Topaseko kartzelan. Murtzia II kartzelatik Asturiasera hurbildu zuten, bertan hiru hilabete egin eta berriro bikotekidearekin egoteko aukera eskatu zuen, zeinak Murtzian jarraitzen zuen. «Aukera zen biak Topasera eramatea edo Oier Murtziara itzultzea. Topasekoa aukeratu zuen».

Hiru eguneko bidaia izatetik bi egunekoa izatera pasatu da. Oier kartzelatik irtetear dagoela, bere bikotekidearen egoerak kezkatzen du gehien.

A.U.A. |

Oihana IGUARAN

«Guri dagokigu deserosotasun hori probokatzea»

Urteroko ohitura bihurtzeak kezkatzen du Oihana Iguaran, manifestazio hau normaltzat hartzeak, hain zuzen ere.

«Denok joan gara ikasten gure bizitzan esperantza asko faltsuak direla eta erantzuna alde beretik etortzen dela», onartu du. Hala, Madrilen Gobernu berria egonagatik ere, uste du erosotasun minimo bat sumatzen badute ez dutela pausorik emango; «beraz, guri dagokigu [gizarteari] deserosotasun hori probokatzea. Tentsio hori mantendu egin behar da herri mugimenduetatik».

Urtero aldarrikapen bera jasotzen dute Bilboko kaleek –azken urteetan baita Baionakoek ere–; hala eta guztiz ere, urtero testuinguru ezberdinak zipriztintzen du egoera eta hori nabarmendu zuen bertsolariak. Iaz, esaterako, makroepaiketaren berri eman zuten hilabete batzuk beranduago. «Etengabe iristen zaizkigu kasu berriak, berdinetan gaudela erakusten dutenak eta eskatzen segi beharra dagoela argi uzten dutenak».

A.U.A. |

Axun LASA

«Kolpe latzetara ohituta gaude; itxaropentsuago nago aurten»

Sentsazio «sakonarekin» bukatu zuen manifestazioa Axun Lasak, GALek eragindako biktimak, GARAri adierazi zionez. Jakina denez, manifestazio bukaerako azken mezua irakurri zuen Rosa Roderorekin batera, ETAk eragindako biktima: «Bi biktima ezberdinek mezu berbera irakurtzeagatik asebeteta nago».

Sakabanaketarekin amaitzea eta honekiko itxaropena mantentzea zaila dela onartzen du baina, era berean, «itxaropena behar dut eta bide batzuk irekiko diren itxaropena dut».

«Astakeria honekin» bukatu behar delakoan da, historia errepikatu ez dadin. Urteroko hitzordu «berdina» izan arren, «susmoa dut argi gehixeago ote zegoen». Tunel bukaerako argi apurra ikusi zuelakoan zen.

«Kolpe latzetara ohituta gaude, horiekin bizi gara; itxaropen gehiago daukat aurten», adierazi zuen ea itxaropen gehiegirekin jolasten ari ez garen itaunduta. Urrunketa «nahikoa kolpe latza da Puerto de Santa Mariaraino joaten direnentzat».

H.L.A |

Zibel DAMESTOY

«Bakearen aldeko urrats bat egin dugu, orain Estatuaren txanda da»

Baionako pankarta nagusia eraman zuten hamar gazteetako bat izan zen Zibel Damestoy Hiriburuko dantzari profesionala. Lagunekin joan zen Baionako manifestaziora eta pankarta ireki aitzin azaldu zituen mobilizazioarekin bat egiteko gazteek dituzten arrazoiak. «Gazteak gara, arlo desberdinetatik etorriak, eta gaur hemen bildu gara euskal presoen arazoa Parisen entzunarazteko», azaldu zuen Bilaka konpainiako dantzariak.

Damestoyren hitzetan, «konponbide bat nahi dugu, eta guk urrats bat egin dugu bakearen alde; beraz, gauza bera nahi dugu beste aldetik». Aldiz, Estatu frantsesaren jarrera aldatzea zaila izango dela aitortu zuen Damestoyk, horregatik aurrera egiten jarraitu behar dela azpimarratzen du 21 urteko lapurtarrak: «Ez dakit manifestazio honek Frantziako Gobernuaren jarrera aldatzeko balioko duen, baina ziur dena da borrokan segituko dugula eta une batean haiek ere urrats bat egin beharko dutela».

H.L..A |

Alfonso ETXEGARAI

«Parte hartzen dudan lehen manifestazioa da, 41 urteren ostean»

Azken 33 urteak Sao Tome uhartean egin ditu deportatuta Alfonso Etxegarai plentziarrak. Aurrez Ekuadorren izan zuten, baina guztira 41 urte egin ditu bere jaioterritik kanpo, eta atzo, denbora luze horren ostean, berriz ere manifestazio batean parte hartu ahal izan zuen.

Manifestazioa baino lehenago Patxa plazan izan zen Etxegarai, bertan egin zen bazkari herrikoian eta han erantzun zituen luzatutako galderak. «Ez dut inoiz halako ezer sentitu», azaldu zuen plentziarrak. Bere iritziz, «nabari da jendeak egiten duen horretan sinesten duela, eta gauzak lortzen saiatzen dela, hori da behintzat nik jasotzen dudan inpresioa».

Atzokoa lehen manifestazioa izatearekin gustura zegoen Etxegarai; izan ere, «manifestazioa hau atsegina da, giro oso ona dago». Edonola ere, zerbait azpimarratzekotan, hau nabarmenduko luke Etxegaraik: «Gero eta gehiago konturatzen naiz herri bat garela, eta horrek ez du atzera bueltarik».