Lander Garro
Idazlea
AZKEN PUNTUA

Borja Semperren adioaz

Eta bat-batean, albistea: ba omen doala Donostiako PP alderdiko buruzagi Borja Semper, «Irungo poeta». Bere izenak ordezkatu izan duenaren neurriko despedida eskaini nahi nion zutabe honetan, bere alderdiak sortzen didan herratik. Baina aspaldion lohiarekin zerikusia daukan oro nire zoko honetatik desterratua daukadanez, Semperren adioa baliatuko dut geure artean den beste poeta bikain batez hitz egiteko. Jose Luis Otamendi izena du. «Nire egunen orri hautsietan beste inor aurkitzeko, borroka egiteko, maitatzeko, ezin dut beste inora, gorputz hau daukat, besterik ez, lurralde urtetsu hau, ez beste ezer». Tokiari, garaiari, jendeari, sentimenduari zor zaio poeta, eta horretaz dihardu Otamendiren pieza zoragarri honek. Idealista da, zinezko poeta guztiak bezala. 40 urte daramatza poesia idazten Otamendik. Lehen liburua argitara eman zuen urtean egin ziren EAEko lehen hauteskundeak, Jimmy Carter zen AEBetako presidente, eta Zoetemelkek irabazi zuen Frantziako Tourra. Pentsa zenbat urte diren, eta nolako bokazioa behar den, inolako babesik gabe, inoiz txalorik entzun gabe, isil, diskretu eta langile, euskarari poesia ematen segitzeko. Semper badoa, txaranga eta guzti. Eta denak kokorikoka, munduan beste ezer ez balego bezala. Beste poetak hemen dira, ordea. Ea ohartzen hasten garen.