Estibalitz EZKERRA
Literatur kritikaria

Kiribati (I)

Nazio Batuen Erakundeak emandako definizioaren arabera, behin-behineko egoera da errefuxiatuarena. Hau da, espero da jaioterria uztera bultzatu duten arrazoiak (bere bizitza arriskuan jarri zuten horiek) konponbideren bat izango dutela inoiz eta horrek haren itzulera ahalbidetuko duela –gerrak amaitu egiten dira gobernuak aldatu egiten diren bezala, eta horiekin jazarpena eragin zezaketen politikak desager daitezke–. Kasu gutxitan espero du NBEk errefuxiatu bilakaturikoa jaso duen herrialdean behin betiko geratzea. Azken batean, herrialde jasotzailearen esku dago halako erabakirik hartzea eta Mendebaldean behintzat herrialde gehienek traba dezente jartzen dituzte asiloa eskaintzeko orduan, pentsa zer ez duten egingo atzerritarrei (Hegoalde globaletik etorritako horiei, jakina) behin betiko bizilekua ukatzeko. NBEko Giza Eskubideen Batzordeak, ordea, legez kontrakotzat jo du gobernuek errefuxiatuak beren jaioterrira bueltatzera derrigortzea kasu jakin batean: klimaren krisiak eragindako horien kasuan. Ozeano Barean kokaturik dagoen Kiribati uharte nazioko herritar baten egoeraren gainean oinarriturik dago epaia. Ozeanoetako ur igoeraren eragina jasateko arrisku gehien duen lurraldeetako bat da Kiribati. Ioane Teitiotak berarentzako eta bere familiarentzako babesa eskatu zion Zeelanda Berriari 2013an, ur igoeraren eraginez beste irletatik etorritakoek eragindako populazio igoerak (1947an 1.641 herritar izatetik 2010ean 50.000 izatera heldu zen) uharteko bizi baldintzak erabat okertu zituztela argudiatuta.