Amaia EREÑAGA
BILBO
Entrevue
IZARO
KANTARIA ETA MUSIKAGILEA

«Azken lau urteak hogei urte segundo bakarrean bizitzea bezala izan dira»

Donostiako auditoriuma birritan erabat bete duen musikari asko ez dago. Horietako bat gaztea, emakumea eta euskalduna da, hiru hizkuntzatan kantatzen duena, nazioartean belaunaldi berrien artean azaleratzen ari den nortasun handiko emakume mota horretakoa. Hirugarren lana kaleratu zuen atzo Izarok, baita limoien gazi-gozoez bustitako bira iragarri ere.

Izaro Andresek (Mallabia, 1993), musikari gisa “Izaro” soilik denak, zerbait berezia du. Aurrez aurre sumatzen zaio, eta, noski, bere kantetan ere bai, bere ahots ederrarekin josten dituen eta poesiaz, irudi iradokitzaileez eta kolore anitzez blaitzen dituen piezetan. Agian, haurra zenean, Lewis Carrollen “Alice lurralde miresgarrian”-en bezala, asmatutako mundu magikoan zebilelako. Batek daki, Alice hura emakume bilakatu da, bidean heriotza, amodioa, ikusleria, kritikak, krisiak... ikasi, barneratu, zukutu eta “Limones en invierno” izeneko hirugarren lanean eskaintzen dizkigulako.

Hiru hizkuntzatan kantatzen duen egile euskaldun honen ibilbidea adi jarraitzekoa da, abenduan Donostiako Kursaaleko auditoriuma leporaino bete baitzuen –bai, kubo handia–. Bigarren data bat jarri behar izan zuten. Zenbat musikarik nahiko lukete hori bera lortu? “Om” (2016), “Hankapuntetan I” (2017) eta “Eason” (2018) lanen ostean, Izaroren hirugarren disko luzea iritsi zen atzo dendetara, aurretiazko salmentan 1.500 ale ziztu bizian saldu ostean. Diskoa entzun gabe, alegia. “Limones en invierno” bira aurkezteko Bilboko Euskalduna jauregia aukeratu zuen, han joko baitu maiatzean (2an, zehazki). Aurretik, hemen datak: Madrilen, otsailaren 23an; Mexikoko CDMX aretoan, martxoaren 7an; Donostiako Kursaal aretoan, martxoaren 21ean (sarrera guztiak salduta daude, eta 29an jarri dute bigarren data); Iruñeko Baluarte aretoan, martxoaren 28an; Arenas de San Pedro, apirilaren 18an; Eibarko Koliseo antzokian, maiatzaren 23an; Buenos Aireseko Roxy aretoan, ekainaren 13an; Txileko Santiagon, El Clan aretoan, ekainaren 17an eta Montevideoko TBCn ekainaren 20an.

Bilbon elkartu ginen Izarorekin limoiez bustitako mundu honi buruz hitz egiteko. Eta besteentzako kantak idazteko gogoa piztu zaiola eta koloretan pentsatzen duela aitortu zigun. Koloretan? Bai, kanta bat horia dela esaten baitie musikariei. Sinestesia izango ote du? Pentsakor gelditu ginen biok.

«Limoien unibertsoa» sortu duzula diozu, baina jabetu al zara limoiak garratzak direla?

Bai, jabetu naiz eta gainera hori da limoietatik gustatzen zaidan zerbait. Niretzat bizitzaren metafora bat izango balitz bezala da, oso ederra eta oso erakargarria; dastatzen duzunean limoia garratza da, baina probatu nahi duzu berriro, eta berriro, eta berriro. Nire lehenengo diskoko “Koilarak” kantan idatzi nuen nire etxea eraiki aurretik limoiondo bat jarriko nuela atarian eta hortik, ez dakit, sustraitu egin ei da nigan. Limoiondo bat erosi nuen, baita etxeko atarian jarri ere, eta hamaika limoi dauzka. Limoien inguruan irakurtzen hasi nintzen, eta konturatu nintzen gauza asko ditugula amankomunean limoiondoak eta ni neuk.

Esaterako?

Nik uste nuen limoiondoek beroa behar zutela bizitzeko, nik bezala, baina konturatu naiz limoiondoak behar duena argia dela eta ez beroa. Eta konturatu naiz nik ere argia behar dudala eta ez hainbeste beroa.

Diskoa negukoa dela esango nuke, baita amonaren heriotzak eragina izan zuelako zugan, aitortu duzunez. Agian negu metaforiko batean sartu zinen?

Bai, eta heriotzaren esperientzia oso potentea izan da, eraman genuelako ‘mano a mano’. Bera oso kontziente izan zen eta niretzat kristoren esperientzia indartsua izan zen. Nahiz eta hori gertatu, konturatu naiz nire bizitzaren puntu batean nagoela non ohartu naizen pribilegiatu bat naizela, jaio naizen tokiagatik, osasuna dudalako, eta hainbat faktorerengatik gaur egun nahiko zoriontsu sentitzen naiz eta pentsatu nuen ‘Zergatik ez nahiz neguaren eta limoiaren garraztasunaz baliatzen bien goxoa topatzen saiatzeko?’.

Oso zaindua da disko osoa, maila guztietan, azala eta iruditeria ere bai. Osatu duzun «unibertso limoidun» horren mapa bat osatu duzu bizitzaren osagarriekin.

Barruan dago, diskoan. Niretzat pertsona bat eraikitzen duten bost espazio edo leku daude; etxea, gu seguru sentiarazten gaituen eremua, etxea izan daiteke ala ez; oroitzapenak, gizakia zirkunstantziala delako; gu gure bizitzaren gidariak garela uste dugun arren, askotan ez da horrela, gertatzen zaigunaren oso meritu gutxi daukagulako. Gertatu zaigunaren emaitza garelako. Gero, heriotzaren esparrua dago, amamaren kantarekin batera, baina leku honek ez du beldurrik ematen.

Horretara iritsi zara?

Bai, heriotzarekin elkarbizitzara iritsi naiz. Isiltasuna sortzen duela? Bai. Misterio bat dirudiela? Baita ere, baina ez diezagula beldurrik eman. Badaude heriotza traumatiko batzuk eta hor ez dago ezer egiterik, beldurra eta kito. Baina era berean badago beste heriotza bat, eta horretara hurbiltzen saiatu naiz unibertso honetan. Horregatik lautada bat da lainoen gainetik.

Grina eta pasioa ere aipatzen dituzu.

Pasioaren barnean maitasuna dago eta maitasuna ulertzeko modu asko. Maitasun ona “Paris” kantak adierazten du, adibidez. Asko maitatu behar dela, bai, baina maitatzen ikasi behar dugu eta txarto eta asko maitatzeak ez du ezertarako balio… tira, bai, txarrerako. Eremu honetan “Patinar sobre hielo” eta “You” kanta daude, esaterako, azken hau elektronikoa. Pasioa delako gure gasolina, baina batzuetan desorekatzen gaituen zeozer ere bada.

Eta iraultza?

Nik ikusten dudanez iraultza bera elegantea da, lortu nahi denagatik; horregatik “Libre” kanta hori hor kokatu nuen, bortxaketaren kulturaren aurkako kanta.

Irakurketa feminista izan dezakete bi eremu horiek, grina eta iraultza. Aldarrikapena, maitasuna ez dela botereari lotuta egon behar diozulako, eta, iraultza, ahalduntzearekin lotzen duzulako. “Libre” bat-batean sortu zitzaizula entzun dizut, bat-batean ahaldunduta sentitu zinelako.

‘Manada’ nazkagarri hauek bete-betean zeudenean sortu nuen, zikintasun hori guztia... kartzelatu ez zituztenean eta hainbat eta hainbat gauza gertatu zirenean. Kantu honetan borroka feministak niretzat dituen osagarrien doinuak janzten saiatu naiz; niretzat elegantea da, oso indartsua, potentea, modernoa eta zaharra aldi berean... baina dantzaria ere bada; hau da, serioa da baina badauka ospatze puntu hori, komunitatearena, bizitza erdigunera ekartzearena. Zeren bizitzaren barnean dago zoriontsua izatea. Askotan elkarrizketetan galdetzen didate: ‘Zu feminista al zara?’. Eta nik; ‘Eta zu ez? Orduan arazo bat dugu’.

Askotan galdetu al dizute, ala?

Bai, eta normalean, gizonek. “Libre” kantan esaten dut; “Legedi berriak idatziko ditut azaletan, behintzat irakur dezazun biluzten nauzunean’. Honekin esan nahi dut bortxatzen duten gizonak berdinak direla oraindik, baina sufritzen dugunok oso desberdinak garela. Bortxaketa bera berdina da, baina subjektua ez. Nik nahiko nukeena zera da, ni entzuten nauten emakume gazte horiek, muturreko bortizkeria sexuala ere sufritu dutenek, kanta hau entzutean pentsa dezatela ez dela euren kontrako zerbait pertsonala izan, emakumeak direlako egin dietela. Kantuan zera esan nahi diet: ‘Hemen gaude, banatu zuen mina eta denon artean eramango dugu’.

Zer aldatu da lehen disko hartatik honetara, zugan eta zure musikan?

Lehen diskoan oso txiki ikusten naiz eta ez da hainbeste denbora pasatu. Nik ez nekien diskoa atera nahi nuenik, hainbeste kasualitate eta gauza pasa zirelako batera. Diskoa ni baino lehen izan zen. Orain, ordea, ni nago eta gero diskoa, nik egin eta pentsatutako lana da. Lehenengoa oso birjina zen, gero “Easo” jantziagoa izan zen eta uste dut oraingoa bien arteko nahasketa dela, bakoitzaren onenarekin, jantzia delako baina biluztasuna galdu gabe.

Sekulako bilakaera izan duzu oso denbora gutxian. Oso ezagun bihurtu zara.

Pasada bat izan da; azken lau urteak izan dira segundo batean hogei urte izango balira bezala. “Easo”-rekin izan nuen krisi existentzial handia, nik ez neukalako nire bizitza bideratuta zentzu honetan, eta dena oso serio bihurtu zenean krisia izan nuen. Ahotsa ere galdu nuen, dena batera. Hura katarsi katastrofikoa izan zen; zera galdetzen nion nire buruari, ‘eraman ahal izango dut jendearen presioa?’ Gogorra delako denbora guztian jendeak zuri buruz iritzia izateko eta emateko eskubidea duela pentsatzea, eta puf, jendea destruktiboa da normalean.

Hiru hizkuntzatan kantatzen duzu, naturaltasun osoz. Hemendik kanpo euskara zergatik erabiltzen duzun galdetuko dizute eta hemen, berriz, izenburua eta kanta batzuk gaztelaniaz izatearen arrazoiaz. Horrek buruko min handia sortu al dizu?

Ulertzen dut, gu bizi garen tokian bizi garelako, baina niretzat hizkuntzak hortik at bizi dira. Nire errealitatea da ni elebidun purua naizela, bi hizkuntzatan pentsatzen dudalako eta, are gehiago, hirugarrenean ere bai, ingelesa oso presente baitago nire bizitzan; ingelesez irakurtzen dudalako asko, filmak eta serieak ingelesez ikusten ditudalako... Hori bai, ulertzen dut zergatik galdetzen didaten hizkuntzari buruz, baina egia da ere horrek nekatzen nauela. Ez dakit nola esan hautu artistikoa dela, hau da, ez dela hautu politiko bat, musikala baizik. ‘Limones en invierno” superpolita da, poesia asko du esaldi honek.

 

Izaroren «play list»-a

Gaur egun gustukoen dituen kantu batzuk aukera ditzala eskatu diogu Izarori. Eta hauexek bota dizkigu.

 

1.- “Invierno a la vista”.

Nire diskotik hau aukeratzen dut, diskoa zabaltzen duena eta lanaren ikurra delako.

2.- “Tierra” (“Tierra”, 2012),

Xoel Lopezena. Kanta zoragarria da.

3.- “El constructor” (“Laura Guevara”, 2016), Laura Guevara. Kantu batzuekin zera pentsatzen dut: «Kantu hori nik egin izan banu!», eta hau horietariko bat da.

4.-“The Night We Met” (“Strange Trails”, 2015).

Lord Huron banda estatubatuarrarena. Oso kantu polita da.

5.- “New York” (Masseduction”, 2017). St. Vincent kantari estatubatuarrarena.

6.- Silvana Estradaren edozein kanta.

7.- “Wen the stars go blue” (“Gold”, 2001), The Coors taldearena. Klasiko bat aukeratzekotan, hauxe aukeratuko nuke, nire munduko kantu faboritoena baita.