GARA
DONOSTIA

Gipuzkoako egoitzetako negoziazioak blokeatuta jarraitzen du

Gipuzkoako zahar egoitzetako hitzarmenaren negoziazioak blokeatuta jarraitzen du. Orain arte ELA zen negoziazio mahaira bertaratzen ez zen sindikatu bakarra eta atzokoan erabaki bera hartu zuten LABek eta CCOOk ere.

Gipuzkoako zahar egoitza eta eguneko zentroetako hitzarmenaren negoziazioak ez atzera ez aurrera jarraitzen du. Jakina zen ELAk ez zuela parte hartzen akordioa negoziatzeko eraturiko mahaian duela urte bat baino gehiagotik; bada, atzo patronalarekin eginiko bileran sektoreko gehiengo sindikalaren hutsunea egon zen.

LAB eta CCOO ere ez ziren bertaratu azken bilerara; UGT izan zen patronalarekin bildu zen sindikatu bakarra, hau da, sektorean %10eko ordezkaritza duen zentrala. Hala, hurrengo bilerarako datarik zehaztu gabe bukatu zen batzarra.

Horren harira, ELArentzat positiboa izan zen LABek eta CCOOk harturiko jarrera, horrela «negoziazio honen zilegitasuna baztertu baitute». ELAko ordezkari Txomin Lasarentzat bilera hauek «engainua» dira, patronalak negoziatzeko prestasunik agertzen ez duelako.

Donostiako Lan Harremanen Kontseiluan (Preco) bildu zen negoziazio mahaia eta kanpoan langileak mobilizatu ziren. Gehiengoa greban dagoen langileak izan ziren. ELAren greba deialdiaren 212. jardunaldia izan zen atzokoa, eta LABi eta CCOOri greba deialdira batzeko gonbita luzatu zien.

Adinekoen egoitzetako egoiliarren senideek ere egin zuten protesta, Gipuzkoako Aldundiari irtenbide bat lortzeko eskatuz.

Proposamena, «onartezina»

LABeko ordezkari Ane Sarriegik azaldu zuen negoziazio mahaira ez joatea erabaki dutela azkeneko bileran, urtarrilaren 23koan, patronalen proposamena «onartezina» izan zelako. Proposamen serioak entzuteko prestasuna adierazi zuen.

Jada pasatu dira hiru urte sektoreko negoziazio mahaia eratu zenetik eta, horregatik, Sarriegirentzat ulertezina da azken proposamenean 2018. eta 2019. urteak kontuan ez hartzea.

Patronalak eta Gipuzkoako Aldundia jo zituen gatazkaren errudun. Sektorea erregulatzeko «erreminta bakarra den hitzarmena bahitu nahi izatea» aurpegiratu zien.

Sindikatuen arteko batasuna ere ez dago hain argi gatazka honetan. Esan bezala, ELAren protesta egutegira ez dira batu orain arte LAB eta CCOO. LABek bere aldetik iragarri izan ditu mobilizazioak.

Ez dirudi oraingoz mobilizazioetan batasuna egongo denik. LABeko ordezkariak adierazi zuen ELAk baztertu egin duela elkarrekin mobilizazioak egiteko helarazitako proposamena, baita senitartekoen protestetara batzeko eskakizuna ere.

UGT eta lau patronalak

Atzoko bileran, esan bezala, UGT izan zen bertaratu zen sindikatu bakarra. Lau patronalekin batu zen: Adegi, Lares, Matia 2000 eta Gipuzkoako Gerontologia Zentroen Elkartea. Sindikatuko ordezkari Marili Granadoren hitzetan, «arduragabekeria» iruditzen zaio gehiengo sindikalak harturiko erabakia. Beraren ustez, hori da negoziatzeko leku egokia eta kritikatu zuen mahaia eratu denetik denbora gehiena «stand by» egoeran egon dela. Dena dela, berak ere ez du nahikotzat jotzen patronalek eskaini duten azken proposamena.

Sektorean ordezkaritza handiena duten patronalek ez zuten adierazpenik eskaini behin bilera bukatu zenean. Adegi da ordezkaritza handiena duena, (%36) eta haren atzetik daude Matia 2000k eta Lares, biak %27rekin.

Gipuzkoako Gerontologia Zentroen Elkarteak %10eko ordezkaritza du eta honen ordezkari Juan Ramon Apezetxearen ustez «ulertezina» da gehiengo sindikalaren parte-hartzerik eza. Beraien beharretan «utzikeriaz» aritzea leporatu zien sindikatu horiei. ELAk du gehiengoa %60rekin; LABek %20 du eta CCOOk, %10.