Maite BIDARTE
DONOSTIA

Etxeko Uzta «xaxatzeko intentzioz» dator Naiz Irratira

Euskal Herrian sortu, dantzatu eta aditzen den musikaren inguruko hausnarketa egiteko plaza dira Etxeko Uzta podcast monografikoak. Lehendabizikoa, gaur iluntzean zabalduko da Naiz Irratian: «Feminismoa eta reggaetona», Miner eta Etxezarreta gonbidatuekin.

Gizakiak ura behar du bizitzeko eta Ramon Zabalegik, Izen Bako emakumeak eta Asier Bukowskik, uraz aparte, musika behar dute bizirauteko. Urteak daramatzate Etxeko Uzta festak antolatzen Donostiako Le Bukowski tabernan eta, orain, podcast-en mundura egin dute salto. Musika aitzakiatzat hartuta hausnarketarako plaza bat sortu dute “Etxeko Uzta” podcastarekin. Saio monografikoak dira, hilerokoak eta aldiro gonbidatu ezberdinek hartuko dute parte. Lehendabiziko podcasta gaur bertan zabalduko da, iluntzeko zortzietan Naiz Irratian eta podcast plataformetan entzungai izanen da ondoren. Kattalin Miner eta Iñigo Etxezarreta gonbidatu dituzte feminismoaz eta reggaetonaz solastatzeko.

«Guk ez dugu musikarik egiten, baina musikaren bidez harremantzen gara», dio Zabalegik. Egia da. Musikak ere badu eragina gure erlazionatzeko moduan. Egin ariketa: berdin erlazionatzen al zara txosnagunean, tabernan edo makrofestibalean? Berdin, reggaetona, elektronika edo hardcorea dantzatzen?

«Xaxatzeko intentzioz» datozela dio pikaro Axier Bukowskik, eta aukeratu dituzten gaiek aski garbi islatzen dute hori. «Gure grina eta zalantzen inguruan aritu nahi dugu, ez betiko gaien inguruan», dio Zabalegik eta aurreratu du saioek «balioko dutela autokritika egiteko, eta batez ere baditugun aurreiritzi batzuk kentzeko». Medailatxoa jarri diote euren buruari, Axi Bukowskik: «Nik uste dut asmatu dugula gonbidatuekin».

Feminismoa eta reggaetonari buruzkoa izanen da lehen podcasta, eta gaur emitituko da. Martxoan, bigarrena, “Euskal musika eta umorea”, «edo umorerik eza», dio Izen Bako emakumeak. «Euskaldunok beti izan dagu drama & bass-erako joera», gehitu du Bukowskik. Mursego eta Gorpuzkingz taldeko Big Txiki izango dituzte bidelagun bigarrenean. Elektronikaren eszenaz arituko dira hirugarrenean. «Gaur egun nahiko onartuta dagoen estiloa da, baina gorriak pasa zituzten», dio Zabalegik.

Saio denak podcast plataformetan izanen dira entzungai, eta gainera, “Etxeko Uzta” bakoitzean aipatutako musika erreferentziekin playlist bat jarriko da entzungai Naiz Irratiko Spotify kontuan.

Feminismoa eta reggaetona

Nola gustatu ahal zaio Kattalin Miner bezalako feminista bati reggaetona? Bota du galdera erdi irriz Asier Bukowskik. Eta dudak argitzeko gonbidatu dituzte lehen podcastera Iñigo Etxezarreta eta Kattalin Miner, biak feministak eta reggaetonzaleak.

Ezbairik gabe mainstream musika bihurtu da 90eko hamarkadan Puerto Ricoko inprobisazio taberna batean sortu zen hura. Daddy Yankee izan omen zen «reggaeton» hitza erabiltzen aitzindari. Matxismo eta misoginiarekin lotzen da maiz reggaetona, eta badu horretatik. Baina, azken urteetan, emakumeek urrats bat aurrera egin eta beraiek lekua hartu dute eszenan. Chocolate Remix, Torta Golosa, Tremenda Jauria...

Perreoaren iraultza, iruditegi berria eta jabetze kulturala, klase borroka eta arrazismoa... Gako asko baditu biharko “Etxeko Uzta-Reggaetona eta feminismoa” estreinako podcastak.