Aitziber Pz. Karkamo
Kazetaria
AZKEN PUNTUA

Martxoan hemen izango al dira?

Keak eta hodeiek bat egiten duten unea jasotzen du. Sarrerako mahaitxoan jarrita dago urteak igaro arren arras ongi zainduta dagoen argazkia, baserriari egindako irudi ederrenetarikoa. Lupa batekin so eginez gero, leihotik begira dagoen amonaren hotz aurpegia antzematea lortuko genuke eta begirada zuzentzen zien landetan ziren aitona eta ardiak irudikatu ere.

Garai hartako otsailetan hotz egiten zuen. Tximinietako keari esker ezberdindu zitezkeen neguan ateratako zuri-beltzeko argazkiak. Gogorrak izaten ziren hilabete haiek eta, kanpoko tenperatura hotzei aurre eginez, lan eskerga egin beharra zuten haien eskuek. Baina ez zegoen etxera itzultzea bezalakorik; ez zegoen kea etengabe botatzen zuen tximiniaren ondoan esertzearen parekorik. Ez zegoen landa haiek emanen zuten baino udaberri oparoagorik.

Orain ez du hotzik egiten otsailean eta ez da baserria ageri argazkietan. Gaur inork ez du zuri-beltzeko argazkirik egin, baina grisa ageri da irudi denetan. Tximiniak ito zituzten, udaberriek oparo izateari utzi zieten unean, baina kea nagusi da landen gainean. Ez dago jada lurra landuko duen eskurik, lurra gainera etorri baitzaie.

Tximiniak ito zituzten, baina kez josita dago dena. 1976ko martxo hartan bezala. Kez josita eta lurperatuta, lan istripu deitzen ditugun horien metaforarik krudelena.