Jon GARMENDIA «TXURIA»
Idazlea

Gorritirekin Juan

Bost metro ere ba omen ditu Juan Gorritik Iruñeko Zitadelan agertu dituen obrak; altua ei da, eta behia, urdina, Europako haizeek dakarten korrontea bezalakoa ia, kulturala eta politikoa, eskuinekoa. Juanenak eskuinetik ez du fitsik, ordea, zerbait izanen badu ondasunetik baitu, zuretik eta niretik. Eta hori ez da dirua, ez eta boterea ere. Ciudadela, ciudad de lá, ciudade de deus. Hiri buruzagiko zitadela. Euskaldunona. Lurra, euria eta sua ditu ardatz Aralarko aztiak; hala irakurri dut Naiz.eus euskarrian. Ez naiz hasiko paywall sistema artetik freemiun zergatik den Naiz-ena; hau da, artikulu batzuk irakurgai zergatik diren eta bertze batzuk ez, Gorritirena leitzeko parada edonork dauka; bestalde, teknologia da otsaila beroa edo hotza dela erranen diguna, baita urrun egonda Naiz bezalako euskarriek zenbat laguntzen dizuten ohartarazten zaituztena ere, ezen kritika da errazena hemen, erdaraz dela eta ekidistantea antza, GARA bezala; tira, baztertua edo zokoratu izan denak ez du azalpenik behar zentzu horretan, badaki nork lagundu dion eta nork ez. Halaxe uste dut. Hitzontzien aroan bizi gara, halere, eta garesti zuri aterako zaizu, baina hemen kritika merkea da biziki. Eta baita edonon ere. Hitz politak, ordea, gutxi. Gutxitan. Gutxiegitan. Bueno, gaia Juan Gorriti da, idatzi behar nion zeozer, aspalditik, eta ez naiz adjektiboekin lerratuko, ez nezake Gorritiren emaria idatziz konta ahal, ez nezake eskertu bere ekarpenik ere, ez baitut adituaren neurri bera. Baina uste dut kostako zaiola herri zahar honi halako norbait ukaitea berriro, uste dut kostako zaigula ulertzea Juan Gorritiren maila zein altuerara iristen den. Bihotz batek ez baitu neurririk. Artista handi batek ere ez. Juanek biak ditu, artistaren izaitea, eta bihotza. Etorri eta joan, joan eta etorri, hori da bizitza. Eta Gorriti da Juan.