Iratxe Esnaola
Hezkuntzan doktorea
JOPUNTUA

Google... for Education?

Hezkuntzarako bereziki sortutako zerbitzu bat da Google for Education. Eta zerbitzu horren produktu dira Gmail eta Drive, besteak beste. Eta Chromebook ordenagailu eramangarriak. Eta «for Education» denez, eta zenbait kasutan haur eta nerabeez ari garenez, pentsa zitekeen pribatutasun politika espezifikoak dituela. Baina ez. Google for Education arautzen duten erabilpen baldintzak eta pribatutasun politikak Googlek bere zerbitzuetan oro har erabiltzen dituenak dira (2012an Googlek bere politikak bateratu egin zituen). Berdin da hezkuntzaz ari garen. Berdin da erabiltzaileen adina zein den. Eta alderantziz behar luke: (batez ere) haur eta nerabeen segurtasuna eta pribatutasuna zaintzea lehentasun bat izan beharko lukeelako, ez eskola eta gurasoentzat soilik, baita enpresa hornitzaileentzat ere.

Googlek, Facebookek bezala, logika bikoitz bat du: bere aplikazioak erabiltzeko askatasun osoa eta doakoa ematen du, baina gordetzen den informazioaren jabetza beretzat esklusiboki erreserbatzen du. Anbiguotasuna behar du: GKE bat delako pertzepzioa sortzea bere negozio ereduaren gako nagusia baita.

Logika bikoitz anbiguo hori bere erabilera baldintza eta pribatutasun politikak formulatzeko modutik hasten da. Eta horrela, Google for Education erabiltzaileen jarreren azterketa eta bigilantzia haur eta nerabeengana zabaltzeko modua ere bada. Hala ondorioztatzen du Suediako Boras Unibertsitatean 2016 bukaeran egindako ikerketa batek (“Information we collect: surveillance and privacy in the implementation of Google Apps for Education”). Ildo beretik doa Electronic Frontier Foundation (“Spying on Students: school-issued devices and student privacy”), eta eskolentzako gomendioak ematen ditu. Eta hori gutxi balitz, duela astebete AEBetako Mexiko Berria Estatuko fiskal nagusiak Google salatu zuen, haurrak eskolan eta etxean espiatzen dituelakoan (https://labur.eus/ZuU8s).

Ikerketak ikerketa, Googlek Google for Education-ekin burutzen duen bigilantzia errealitate bat da, baita Euskal Herrian ere.