Amalur ARTOLA
DONOSTIA
Entrevue
JOSU BARAMBONES
ITZULTZAILEA ETA IRAKASLEA

«Highsmithek agian bere arrakasta zinemari zor dio hein batean»

Baztango Nobela Beltzaren Asteak eta Txalaparta argitaletxeak sustatutako (H)ilbeltza beka eskuratuta ekarri du euskarara Josu Barambonesek «Lardaska», Patricia Highsmith-en nobela itogarrienetakoa. Ohiko duen estiloan, hiltzaileen larruan sartu ez ezik, haren pentsamendura ere badarama irakurlea.

Literatura beltza sustatzeko (H)ilbeltza beka irabazita itzuli du euskarara Josu Barambonesek “Lardaska”, Patricia Highsmithen thriller itogarrienetako bat. Protagonista nagusiak bi pertsonaia anbiguo dira, era nahiko bertsuan euren emazteak hil omen dituzten Walter Stackhouse abokatu gaztea eta Melchior Kimmel bazterreko liburuzaina. Presio psikologikoak eta egia eta gezurraren arteko muga lausoak ardazten dute kontakizuna.

(H)ilbeltza bekari esker ekarri duzu euskarara Patricia Highsmithen lan hau. Zerk motibatu zintuen sariketara aurkeztera?

Itzultzailea naiz eta, lanbidez, itzulpengintza irakaslea naiz Letren Fakultatean. 1998. urtean literatura unibertsaleko beste idazle bat itzuli nuen, Laurence Sterne; baziren urte batzuk ezer itzuli gabe neukala eta, nobela beltza gustatzen zaidanez eta Highsmith idazle moderno samarra dela ikusita, esan nuen, zergatik ez?

Autore bat itzultzeak hura hobeto ezagutzeko abagunea ematen du. Zer nabarmenduko zenuke Highsmithen obratik?

Ezagutzen nuen bere obra idatzia zein zinematografikoa; besteak beste, “Arrotzak tren batean”, “Ripley trebea”, “Ripleyren jokoa”... eta euskaraz ere irakurrita neuzkan. Idazkerari dagokionez, esango nuke elkarrizketa asko erabiltzen dituela, deskripzioak baino gehiago, eta horrek azkartu egiten duela narrazioaren erritmoa.

Ez da itzultzeko oso liburu zaila, bere zailtasunak badituen arren, baina adibidez Sternekin alderatuta askoz samurragoa gertatu zait, askoz gusturago ibili naiz Patricia Highsmith itzultzen, arratsaldeko hiru ordu eskainita murgilduta ibili naiz.

Eta zer du «Lardaska»-k berezi?

Patricia Highsmithen obra guztiek izaten dutena: misterio apur bat eta pertsonaien garapen psikologikoa, bere eleberri guztietan presente dagoena. Pertsonaiak nola joaten diren garatzen erakusten digu, nola doazen isolatuz edo bakartuz, eta euren mundura eramaten gaitu ikusteko zergatik egiten dituzten zenbait ekintza, zergatik, adibidez, oso modu erosoan bizi den pertsona batek egiten dituen halako krimenak. Zerk eramaten du halako pertsona bat bere egoera lardaskatzera, bizimodu xarmagarri hori guztiz petraltzera?

Bereizgarrietako bat da irakurleak hasieratik dakiela nor den hiltzailea, eta nor ez.

Highsmithen obra gehienetan gertatzen da hori; irakurleak hasieratik badaki zer gertatu den eta, orduan, ekintza edo misterio horretan baino gehiago, pertsonaien garapen psikologikoan zentratzen da. Highsmithi ez zaio horrenbeste interesatzen misterio horri eustea edo bukaeraraino mantentzea, gehiago interesatzen zaio zer ezkutatzen den bakoitzaren nortasunean edo buruan.

Bi pertsonaia ia antagoniko dira protagonistak.

Kimmel eta Stackhouse. Biak zeharo ezberdinak dira. Lehena etorkin xume bat da, liburu-denda bat dauka; xomorro bat da bere liburuen artean, txoko horretan sartuta gizartetik urrun dabilena. Stackhouse beste muturrean dago, bizimodu aberatsa du, abokatua da eta itxura batean emazte xarmagarria du, baina aspertua dago bere bizimoduarekin. Eta liburu honetan bada Patricia Highsmithen liburu askotan errepikatzen den kontu bat: elkar ezagutzen ez duten bi gizonek bat egiten dute hilketa bat aurrera eramateko. Hori da, adibidez, “Arrotzak tren batean”-eko argumentua, eta hemen ere gauza bera gertatzen da: ez dute elkar ezagutzen, baina bi hilketa gertatzen dira, eta bi hilketak harrigarriro berdinak dira.

Erruduntasun sentimendua ere bada konstante bat.

Erruduntasuna eta obsesioa. Kimmelen kasuan ez dago erruduntasun susmorik, baina Stakhouseren kasuan bai; bere emaztea hiltzen denean hasten zaio buruan bueltaka errua, faltan botatzen hasten da... Baita obsesioa ere: besteak egindako hilketa imitatzeko obsesio izugarria sartzen zaio. Zergatik da gai pertsona bat horrelako krimen bat egiteko?

Pertsonaien pentsamenduan sartzeko era hori da Highsmithen arrakastaren gakoa?

Ez dakit esatera noanak inolako funtsik duen, baina nik uste agian bere arrakasta zinemari zor diola hein batean. Bere lehen nobela, “Arrotzak tren batean”, nork eta Hitchcockek eraman zuen zinemara eta, gainera, kasu horretan gidoia ez zuen berak idatzi, Raymond Chandlerrek baizik. Orduan, esango nuke ezin zuela izan hasiera hoberik. Hortik abiatuta bere fama zabalduz joan zen eta Ripleyren sagarekin arrakastari eustea lortu zuen, zeren horiek ere zinemara eraman zituzten.

Ez naiz Highsmithen nobelistikan oso aditua, baina eragina izan zuela uste dut. Bera ere artistikoki puntako idazlea zen, ez zen edonor, eta nobela beltzen irakurleak asko dira mundu osoan, AEBetan zer esanik ez.

Obra Baztango Nobela Beltzaren Asteak eta Txalapartak bultzaturiko (H)ilbeltza bekari esker ekarri da euskarara.

Oso begi onez ikusten dut ekimena, itzulpen lana sustatzeko oso baliagarria baita. Egia esan, hemen, beste inon ez bezala, hainbat itzulpen lehiaketa daude, itzulpen lana bultzatu eta sustatzen dutenak. Nik uste dut beharrezkoak direla itzulpen lanari zor zaion aitortza egiteko.