Maria del Rio
Zuzenbidean doktorea
JO PUNTUA

Dena aldatzen da

Harrigarria da bizitza zenbat aldatu zaigun azkeneko zutabea idatzi nuenetik. Etxean inoiz baino denbora gehiago daramat; erosketa gutxi egin eta guztiak txartelarekin ordaindu ditut, egunkaria barne; mobilizazioetara joan ordez, balkoira irten naiz txaloka edo lapikoekin zarata egitera; bertan behera geratu ez diren bilerak pantaila bidez izan dira, kideen etxeak pixka bat ezagutuz; eta, jakina, telelana. Horrek esan nahi du, unibertsitateko klaseak berrantolatu behar izan ditudala eta bide berriak ikasi ikasleekin komunikatzeko. Egun batetik bestera, kamera baten aurrean ematen ditut klaseak, horretarako aurreprestakuntza handirik gabe, eta etengabe neure buruari galdetuz beste aldean bateren bat adi ote dagoen edo nire azalpenak ulergarriak diren.

Egoera benetan bitxia eta tarteka irreala badirudi ere, sobera dakit pribilegiatua naizela. Badakit hilabete honetan soldata jasoko dudala, eta epe laburrean behintzat ez dudala enplegua galduko; etxean aski eroso nago eta orain arte egindako zaintza lanak oso mugatuak izan dira. Hala ere, bizi dugun une berezi hau guztioi, eta aldi berean, tokatu zaigu; gure bizipenak eta beharrak askotarikoak dira, ordea. Nola ahaztu etxegabeak, adinekoak, nahi gabeko bakardadean daudenak, bere etsaiarekin bizi diren emakumeak edo menpekotasun egoeran daudenak.

Zaintza formalak eten diren heinean, zaintzen egiturazko krisia areagotu egin da, nabarmen gainera. Erantzun eta jarrera ezberdinak ikusi ditugu: boluntario sareak berehala antolatu dira baina, bestetik, komuneko papera agortu egin da eta buloak bolo-bolo dabiltza. Ziurgabetasun egoera horren aurrean dakigun bakarra da aldaketa handiak biziko ditugula. Mundua birpentsatu beharrean gaude, eta azkar egin beharko dugu. Premiazkoa da pertsonen bizitza, zaintza eta osasuna erdigunean jartzea. Ezinbestekoa da murriztuak izan diren eskubideak berreskuratzea, eta demokrazia indartzea. Ezin da galdu komunitarioa eta publikoa denak berreskuratu duten ospea. Hori guztia, inor bidean utzi gabe eta inorengan gehiegizko karga jarri gabe. Erronka erraldoia dugu aurrean, beraz.