26/03/2020

Lander Garro
idazlea
Garen hau

Inoiz humanitateak sortu duen kartzela handiena eraikitzea lortu dugu. Historia idazten ari gara. Lehen Mundu Gerran eta Bigarrenean ez geunden hemen, kontatu egin zizkiguten, baina historian inoiz izan den autogatibutza ariketa handienaren parte izaten ari gara... gu geu! Eta kontuz, handitzen doa! Kartzela globala izango dugu, planetarioa. Esan diezaiogun koronabirus, esan diezaiogun Covid-19, edo esan diezaiogun nahi dugun bezala, baina emaitza berbera da: kartzela globala, eta bertan gu geu. Nola gertatu da? Birus txiki bat, Txinatik (zein urrun zegoen!) datorrena. Irudi beldurgarriak, medikuak eraso kimiko izugarria gertatu izan balitz bezala mozorroturik, eta estatistika terrorifikoak: hildakoak eta hildakoak. Pantailari begira, ez genekien barre edo negar egin. Txinatarrei barre egiten ohituak gaude. Hildakoen irudiak, ordea, telebistetan proiektatu zituzten bi astez, eta horra: pertsonaz pertsona, adreiluz adreilu, inoizko mazmorrarik handiena bilakatu gara. Pentsa, #niEtxeanGeratzenNaiz bezalako hashtagak asmatu ditugu, geure kartzela handi honetako kartzelari ere bilakatuta. Buila egiten diogu balkoitik kalean ikusten dugunari. Inzibikoa, zakurra, ustela, tontolapikoa. Haiei edo geure buruari esaten ari ote garen hori guztia, hona nire zalantza. Geu ote garen preso gaudenak, edo geu ote garen kartzelariak. Biak izatea, definizioz, ezinezkoa baita.