Ane URKIRI ANSOLA
Zaldibar

OTSAILETIK LUZATZEN ARI DEN OSASUN LARRIALDIA

Kalean ahalik eta jarduera gutxien egiteko neurria otsailean hedatu zen Ermua, Eibar, Zaldibar eta, modu ofiziosoan, Elgetan. Zabortegiko luiziak eragindako kutsadura zen arrazoia. Orain konfinatuta daude. Bi kasuetan dago osasun eta diruaren arteko talka.

Otsailaren 6tik gaude salbuespen egoera batean», dio Jokin Bergarak. «Otsailetik gaude alarma egoeran», dio Ianire Lazkanok. Eibar eta Elgetako bizilagunak dira. Euskal Herria –eta mundu erdia– osasun alertan dago martxo erdialdetik, koronabirusa dela eta. Konfinamenduan; batzuk telelana egiten, beste batzuk lantokira joatera derrigortuta, baina lanetik etxera eta etxetik lanerako errutinarekin; ez dago aire zabaleko aisialdirako tarterik.

Birusak gogor jo du Euskal Herria. Martxoan heldu da. Baina Bergarak eta Lazkanok adierazi legez, Zaldibar inguruko biztanleek kolpe gogorra jaso zuten otsailean. Nahasmen handiz bizitzen ari dira ordutik, «mesfidati» Lakuako Gobernuarekin.

Otsailaren 6an gertatu zen luizia Verter Recycling 2002 zabortegian eta, ondorioz, bi langile lur eta hondakinen azpian harrapatuta geratu ziren. Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran langileek desagertuta jarraitzen dute duela 51 egunetik. Beste ezeri erreparatu gabe, aldez eta moldez dirua egitean oinarritutako negozioak eztanda egin zuen eta langileak izan ziren kaltetuenak.

Luiziak lurreko hautsak harrotu ez ezik, ezkutuko trikimailuak ere bistan laga zituen. Otsailaren 6ko istripu hark hainbat kapitulu ekarri zituen eta egun batzuez 50.000 biztanle inguru osasun alertan egon ziren, eroritako zabortegian piztu ziren suteen ondotik. «50.000 pertsonaren osasuna jarri zen arriskuan», zehaztu du Lazkanok.

Dioxina eta furano hitzak ohiko bihurtu ziren solasaldietan, ohikoa baino berrogei aldiz kantitate handiagoa atzeman baitzen zabortegi inguruko herrietako airean. «Leihoak ahalik eta gutxien irekitzeko edo kalean kirolik ez egiteko gomendioak» eman zituztela gogorarazi du Lazkanok.

Gomendio horiek, baina, ez ziren heldu ofizialki Elgetara baina, halere, bertako Udalak herritarrei dei egin zien beraiek ere segurtasun neurri horiek errespeta zitzaten.

Sua itzali zen –otsailaren 20an behin betiko, 13 egun beranduago– eta airearen zein uraren neurgailuen gardentasuna ere itzaltzen joan zen. «Martxoaren 5ean Ermuko Udalak abisatu zuen manantialeko ura zeukaten etxeetan urik ez edateko». Hau da, oraindik ere ezbaian dago uraren kalitatea.

Martxoaren 9an zabortegi azpiko lixibiatuetan amonio, merkurio, nikel eta selenio elementu kimikoen partikulak aurkitu zituztela zehazten dute Lakuako Uraren Agentziak eginiko azterketek. Datuak webguneetara igotzen dituztela adierazten du Gasteizko Gobernuak baina, Bergara eta Lazkanoren ustez, ez da nahikoa. Datuak interpretatu egin behar dira eta kontua ere ez da egunero herritarrak, beren kabuz, webguneetan neurketak topatzen ibiltzea.

Gainera gogorarazi dute hasiera batean airearen kalitatea ona edo normala zela errepikatzen zutela ordezkari politikoek baina bitartean ezkutatzen ari zirela airearen lagin batzuk Madrilen ikertzen zebiltzala. Horregatik, hain zuzen, mesfidantzaz begiratzen dute egungo panorama ere.

Hautsa eta zarata Eitzagan

«Isiltasun administratiboa» dagoela salatzen dute. Ermuan, esaterako, oso haserre daude. Eta oso kezkatuta. «Kamioiek zabortegitik eta zabortegira egiten dituzten joan-etorriengatik». Kamioiak estali gabe igarotzen dira Eitzaga auzotik, zeldak egiteko materiala garraiatzen: «Honek, hautsa, zarata eta zikinkeria uzten du auzoan».

Zabortegitik Eitzaga auzora bidean Ermuko San Lorentzo ikastetxea dago. Orain ez dago klaserik, baina koronabirusaren gaitza iritsi aurretik kamioien joan-etorri guztiak irentsi dituztela diote auzotarrek. Hautsak, kamioiek sortutako kutsadura, barreiatu daitezkeen partikula kutsakorrak...

Honek guztiak jarraipena eduki du sua itzali zenez geroztik eta auzotarrek galdetu dute egoera hau noiz arte luzatuko den, baina ez dute erantzunik jaso.

«Psikologikoki asko kolpatu ditu biztanleak Verter Recycling hondakindegian jasotako ezbeharrak eta honek ekarri duen guztiak, eta koronabirusagatik ezarritako konfinamenduak areagotu egiten du», esan du Jokin Bergarak. Gainera, kontuan hartu behar da Covid-19 gaitzagatik sortutako larrialdi egoerak Zaldibar Argitu plataformaren mobilizazio nagusia bertan behera uztera derrigortu zuela. «Kolpe latza izan zen», onartu du Ianire Lazkanok.

Martxoaren 12an hiru orduko lanuztera deitu zuten Eibar, Ermua, Zaldibar eta Elgetan. Udalerriotan manifestazio bana egin zen eguerdian eta manifestazioa amaitzear zela Lakuak iragarri zuen EAE larrialdi egoeran zegoela. Gasteizen harturiko neurriak zabaldu ziren Araba, Bizkai eta Gipuzkoako txoko guztietara. «Bi gaitz batu dira eta bata bestearen gainera etorri zaigu», azaldu du Lazkanok.

Langileriaren kaltetan

Gaitz hauek lehen lerroan jarri dute bizitzaren eta lukurreriaren arteko talka. «Autobidea ahalik eta lasterren irekitzeko lanak gauerdiraino luzatu ziren eta hondakinen artean amiantoa zegoen, nahiz eta esaten duten ondo kapsulatua zegoela», kontatu du elgetarrak. «A-8 autobidea ekonomiaren motorra da eta argi ikusi zen ez zutela itxita izan nahi, nahiz eta langileen segurtasuna arriskuan egon; lehentasun kontua da», jarraitu du Bergarak.

Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran langileen segurtasuna ere arriskuan jarri zen azken unera arte, egun batzuk lehenago zabortegiko pitzadurez ohartarazi baitzuten.

«Eta gainean daukagun gaitz hau ere langile klaseak ordainduko du», dio tinko Lazkanok. Bera irakaslea da eta moldatzen da telelanarekin, baina argi dauka Euskal Herria herri industriala izanik, «kutsatzeak moztu nahi baldin badira» gelditu egin behar dela beharrezkoa ez den ekoizpen oro. «Kapitala beste guztiaren aurretik jartzen ari dira, handien intereserako».

Otsailean, dioxina eta furano partikulengatik harturiko neurrietan ere zehaztasun falta sumatu zen. Zergatik ezin da jokatu futboleko lehen mailako neurketa bat, baina bai lan egin? Normaltasun egoera ezarri nahi izan zuten, dramatismoa kendu, baina zergatik gomendatu zen leihoak ahalik eta gutxien irekitzea?

«Verter Recycling-eko jabeak kostaldean daukaten bigarren etxera joan ziren ezbeharra gertatu bezain laster, orain ere antzeko zerbait ikusten ari gara», dio Jokin Bergarak, langile klaseak lantegira joan behar duelako eta buruzagiek, dauden lekuan daudela, irabaziak jasotzen jarraituko dutelako.

Martxoaren 12ko mobilizazio nagusia zapuztu zuen koronabirusak, baina herritarrek ez dituzte ahaztu Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze. Hala, konfinamendu egoera honetan, beharginen omenezko oroigarriak zintzilikatu dituzte Zaldibar, Eibar, Ermu eta Elgetako balkoietan eta gertatutakoa argitzea exijitzeko kazeroladak ere egin dituzte. Azkena, atzo; berrogeita hamar egun desagertuta bete zituzten egunean.