Ekhi MARTIN

MEDIKUNTZAREN HISTORIA ALDATU ZUEN KEINU TXIKI BAT

Osasuntsu zeuden emakume asko hil egiten ziren erditu eta egun gutxira, eta hori arraroa egiten zitzaion Ignaz Semmelweis medikuari. Akatsa non zegoen konturatzean medikuntzan iraultza ekarri zuen, eta bizitzak salbatzen hasi zen.

Zientzialari batzuk oso ezagunak dira euren aurkikuntzengatik. Louis Pasteurrek txertoen inguruko teoria idatzi zuen eta Alexander Flemingek penizilina asmatu zuen, baina badago pertsona bat horiek biek batera baino bizitza gehiago salbatu dituena, behintzat Europan: Ignaz Semmelweis. XIX. mendeko mediku hau oso keinu sinple baina eraginkor batez konturatu zen. Eskuak garbitzea izan zen bere aurkikuntza. Alegia, deskubritu zuen eskuak ondo garbituz gaixotasun ugari ekidin daitezkeela, eta horri esker higieneak merezi zuen garrantzia irabazi zuen. Izan ere, bera amatasun sailean hasi zen lanean eta ikusi zuen zenbat ama hiltzen ziren erditu eta gutxira sukarrak jota –emaginekin erditzen baziren heriotza tasa askoz txikiagoa zen–. Semmelweisek bazekien zerbait gertatzen ari zela, baina ez zekien zer.

Bere ezagun bat hil egin zen autopsia bat egiterakoan erabili zuen bisturi batekin zauritu ostean. Horrek pista bat eman zion medikuari, eta konturatu zen ospitaleko medikuak askotan, hildakoekin aritu, eta erditze geletara joaten zirela lanera zuzenean, eta ondorioztatu zuen eskuetan gaitzen bat garraiatzen zutela. Bere teoria frogatzeko, medikuak eskuak garbitzera behartzen hasi zen. Bi hilabeteren bueltan, erditu berrien heriotza tasa %18,3tik %1,2ra jaitsi zen. Emakume horien guztien heriotza ekidin zitekeela ikusirik, bere aurkikuntza zabaldu zuen eta, pixkanaka, orokortu egin zen.

Azkenaldian askotan entzun dugu gaitz batzuk prebenitzeko neurririk onena eskuak garbitzea dela. Gaurkotasunezko gaia bilakatu da berriro, eta horregatik pasa den astean Googlek bere Doodlea eskaini zion Semmelweisi, bere lorpena aitortzeko.