Ritxi AIZPURU
Musika argitaratzailea

Musikaren homeostasiak

Hómos grezieraz “berdin” da eta istemi “geratu”. Hots, baldintza iraunkor bat mantentzeko barne giroaren oreka gordetzeari esan ahal zaio egoera “homeostasiko”. Osasun alarma egoera gainditu ondoren berdin geratuko al da musikaren sarea? Ikusiko dugu musikaren homeostasia? Edo are beherago joango da disko fisikoaren salmenta? Egoera homeostasikoa izango al du zuzeneko musikak?

Aurreko hamarkadan izugarria izan da musika jaialdien hazkundea. Iraungo al dute uztarik gabeko udan? Aurkituko al dute tokirik egutegian atzeratu diren jaialdiek? Emango al du egutegiak ikusleak kopuru berean batzeko abagunerik? Kezkek lepo egingo dute gora kudeatzaileen buruetan. Ekarriko al dute udako kontzertu irekiek musika enpresa askoren itolarri egoera baretzea? Kezkek kaskak kraskatuko al ditu? Zalantza zaldiko-maldikoan dabil, jira-jiraka, zorabioa burutik askatu ezinik.

Datu baikorren bat ere aurkituko da zenbakien basan. Musika digitalak ez du mantenduko egoera homeostasikoa. Gora egingo du fisikoaren kaltean, eta gorago joango da osasun alarmagatik konfinamenduak iraun edo ez. Musika digitalari Durangoko Azokak egin diezaioke konpetentzia. Pentsatutako disko fisiko guztiak argitaratuko dira? Nolako izango da Azokaren edizio berria? Ez gaitzala harrapatu sarean dabilen esaldiak: «Hasi naiz ezer ere ez egiten eta ezin naiz gelditu».

Ez da zientifikoa anekdotak gertaera garrantzitsuen kategoriara goratzea. Anekdotak gertakizunak dira, baina ezin dira teoria zientifikoaren oinarrietara igo.