Laetitia Navarron
Hendaia Biltzen udal taldeko ordezkaria
KOLABORAZIOA

Egon gaitezen etxean

Egoera berri bati egiten ari gara aurre egun hauetan, krisi sanitarioa ez ezik krisi sozial eta ekonomikoa ere badenari. Denon jokabidea funtsezkoa da krisi hau konpontzeko: etxean egon behar dugu. Izan ere, gutieneko esfortzu hori egin behar dugu, zinez lagundu nahi baldin baditugu ezinbesteko lana betetzen ari diren pertsonak.

Lehenik, osasungintzan lan egiten dutenak ditugu gogoan: egunero txalotzen ditugu gure leihoetatik; haiekin mobilizatuko gara denon eskubideen defentsan. Egoera honetan berriz ere trufa egin diete gure eskubideei: babes materiala eta pausa denbora eskasa, oporrak galtzeko arriskua... Onartezina da.

Hendaiako Herriko Etxeko eta Euskal Hirigune Elkargoko langileak ere gogoan ditugu, denon alde eta zerbitzu publikorako lanean segitzen dutenak.

Komertsantak ere gogoan ditugu: batetik, beren saltegi eta lantokiak hetsi behar izan dutenak, eta laguntza beharko dutenak berriz ere zutik jartzeko; eta, bestetik, irekita dauden saltegiak, bai eta bertako langileak ere, egunero beren burua arriskuan ezartzen dutenak denon hornitzea segurtatzeko.

Eta, nola ez, gogoan ditugu lantokira behartzen dituzten langileak, egungo egoeran beharrezkoa eta baitezpadakoa ez bada ere. Etxean egoteak pandemia gelditzen baldin badu, ezinbestekoak ez diren sektore guztiak gelditu behar dira. Bizia eta osasuna beti dira ekonomiaren gainetik.

Krisi hau baliagarria izan beharko litzateke biziaren ikuspegi berri bat eraikitzeko, lehentasunak finkatzeko, eta, gure usaiak aldatuz, elkartasunera itzultzeko. Zirkuitu motzak indartu behar ditugu gure ekoizleen alde, salmenta zuzena erraztu behar dugu, iniziatiba asko jadanik martxan dira: saltoki kooperatiboak, AMAP direlakoak, salmenta zuzena ekoizleen etxeetan.

Herriko merkatuei dagokienez, jende batzuen portaera indibidualistagatik debekatuak izan dira. Bitartean supermerkatuek eta denda handiek irekiak segitzen dute. Tokiko laborariei alternatibak proposatu beharko zaizkie. Denda handietako harrera kondizioek eta langileen lan egoerak ere kezkatzen gaituzte.

Aterabideak aurkitu behar ditugu gure ekoizleak babesteko, haien aktibitateak bermatzeko eta haien kalitatezko produktuak erosteko ahalmena ukaiteko. Erronka handia da, tokikoa bultzatu elikatze industriaren produktibismoaren aurka.

Elkartasun berriak sortu behar ditugu tokiko ekoizleak krisi honetatik bizirik ateratzeko. Trukaketa toki dedikatu bat ezartzea proposatzen dugu. Aparkaleku bat egokia litzateke bezeroei aukera emango liekeelako beren erosketak autotik jaitsi gabe jasotzeko, zirkuitu jakin bati jarraituz, osasun aginduak errespetatzeko moduan.

Desberdintasun sozialak ere agerian uzten ditu krisi honek, ez baita gauza bera konfinatuta egotea baratzea duen 150 metro koadroko etxe batean edo balkoirik ere ez duen apartamentu tiki batean familia oso bat. Eta zer erran bizitokirik ez duten pertsonei buruz? Estatuak herriko etxeei konponbidea atzemateko eskaera luzatzen die; zer osasun baldintzetan artatuak izanen dira? Zer jarraipenarekin?

Arrisku handiko populazioa da, oso agerikoa. Proba sistematikoak beharrezkoak iruditzen zaizkigu leku itxi batean bildu baino lehen.

Ez dezagun ahantz bortizkeria matxistak emazte bat hiltzen duela hiru egunean behin; konfinamendua bereziki dramatikoa da kasu horietan. Gogora dezagun emazteentzako urgentziazko telefonoa: 3919. Eta haurrentzakoa: 119. Larrialdi etxerik ba al dugu haiei proposatzeko? Hotelak eta bizitegi hutsak errekisizionatu beharko lirateke, inoiz baino premiazkoagoa da.

Ateratzeko beharra baldin badugu jestu sinpleak segitu behar ditugu, eta segurtasun distantzia bat mantendu behar dugu, nahiz eta antinaturala den guretzat.

Denok laguntzen ahal dugu egoera honetatik ahal bezain laster ateratzen, sinplea da: egon gaitezen etxean.