Lander Garro
Idazlea
AZKEN PUNTUA

Aste honetan

Aste honetan Peruri mendiko bizikleta erosi diogu. Gurasorik gabeko ibilgailua, hara eta hona joateko askatasuna. Hori bakarrik eta hori guztia gordetzen da bizikleta batean. Berak ez daki (edo agian bai) bere bizitzako opari ederrenetakoa jaso duela. Aste honetan Mireia Vehi ezagutu dut, Madrilgo kongresuan ari den CUPeko ekintzailea. “Kurba”-n elkarrizketa egin diot, eta entzuten ari nintzen bitartean, batzuetan garunak izugarri ongi funtzionatzen duela ari nintzen sentitzen. Bereaz ari naiz, noski. Aste honetan deskubritu dut ez nagoela euskal idazle ofizialen artean eta ez nagoela euskal idazle bazterrekoen artean ere. Bill Murray, Dan Aykroyd eta Harold Ramisen zain geratuko naiz etxe atarian, beren mamu ehizarako gailuarekin eraman nazaten. Aste honetan E-ren urteak izan dira, geure mugaldeko lagunak etxean izan ditugu eta, aspaldiko partez, kantuan aritu gara, inoiz ez bezala elkarri begietara so eginez, aberriaz, hildakoez, maitasunaz... Gure haurrak, beste gela batean, pizza jaten ari ziren. Bi mundu, mundu berean. Aste honetan Peperekin Manttalen ezagutu dut, Nafarroaren eta Gipuzkoaren arteko mugan dagoen mendi muino txiki bat. Ez da asko behar mendi bat ezagutzeko: bota parea, lagun on bat eta goiza libre. Gero, mendi hori zure baitan geratzen da, eta zu mendi hartan geratzen zara betiko. Hori dauka mendiak, hori dauka bizitzak, aste honetan.