Andres OSA «SAKONA»
HERRI KIROLAK

Iker Vicentek asmo bikainak ditu eta egurra ematen ari da aizkorari

Euskal Herriko Txapelketaren ondoren, atseden alditxo bat izaten da eta negu partean, udaberrian eta udan herriz herri erakustaldiak ikus ahal izaten dira. Aurtengoan, baina, ez egurrik ez dirurik. Hori bai, Iker Vicente txapeldunak ez du denbora alferrik pasatu nahi izan. Erakustaldirik egiterik ez izan arren, «prestakuntzari ez diot uko egin, hasieran egun batzuk hartu nituen baina eten handirik gabe segi egin dut».

Helburu argi batekin ari da lanean txapelduna. «Ekainaren 14an marka berri bat egitea pentsatu dut eta bertan jasotzen dudan dirua koronabirusaren aurka dabiltzanentzako izango da». Badirudi Donostian udan egiten den 14 kanaerdiko partitzea izan litekeela lana. Bertako marka 27 minutu eta 17 segundokoa da.

Bestalde, Egur Sporten txapelketa uztailaren 5etik abuztu amaiera bitartean jokatuko ote den entzuten hasi da. Zazpi bat aizkolarik parte hartuko dute, Iker tartean.

Peñagarikano-Aizperro

Josean Olaskoaga Aizperro eta Kepa Peñagarikanok apustu interesgarria izango dute uztail amaieran. Bakoitzak 36 jasoaldi 100 kiloko bolari, 6 enbor kanaerdiko ebaki eta 4,50 kilometro lasterka. 3.000 euro izango dira jokoan.