Surflari ernegatua

Isiltasunean

Euskaldunoi Euskal Herrian gure selekzioarekin parte hartzeko eskubidea ukatu ziguten Herrialdeen Arteko Munduko Txapelketa hasi aitzin (2017an), Frantziako Surf Federazioko lehendakaria den Jean-Luc Arassus jaunak, elkarrizketa bat egin zion Tom Curreni, surflari kaliforniarra munduko ISA txapelketaren aita ponteko izendatu baitzuten.

Aipatu elkarrizketa hartan harridura eragin zidan zerbait esan zuen hiru bider munduko txapeldun izandakoak. Bere hitzetan, bizkarka surf egiten Lapurdin ikasi omen zuen, bera hazi zen Kaliforniako kostaldean oso ohikoak baitira eskuin olatuak baina ezker olatu oso gutxi baitago antza. Harridura sortu zidan, hain justu Lapurdiko kostaldean ere gehienbat eskuin olatuak izaten direlako. Ordea, Lapurdiko lagunekin hizketan Curreni buruzko istorio anitz entzun ostean, hobeto ulertu dut kaliforniarrak ezker olatuak non topatzen zituen.

Lagun batek Angeluko hondartzen gibelean ziren dunetan porroak erretzeko txabola batean biltzen zirela kontatu zidan, eta, beraiek oso gazteak izan arren, tarteka Tom Curren bera ere agertzen omen zen, antza txokolate zalea baita. Sekulako itsaskia zegoen egun batean gazteei maileguz uzteko surf taularik bazuten galdetu zien, eta haietako batek berea utzi zion gustu handiz, nahiz eta jakin, litekeena zela halako olatuekin taula haustea. Gaztetxoaren surf taula ez omen zen taula on bat, zaharkitua zegoen taula bat zen, baina, hala ere, Currenek olatuak maisuki marrazten zituen, ezker eta eskuin, hondartzek bi aukerak berdin eskaintzen baitituzte. Ahaztezinezko ikuskizuna eskaini omen zuen Currenek eta gaztetxoek haien txabolako atea irekita uzten jarraitu zuten, itzuliko zen itxaropenarekin.

Tom Currenek Lapurdin emandako ikuskizunen inguruko kondaira eta istorio anitz entzun ditut eta denak maitatu ditut, baina ezker olatuak non hartzen zituen ez zidan inork argitzen. Duela gutxi lagun batek nire jakin-mina asebete zuen arte. Lafiteniako ezker olatuan aritzen zen, beti bakarrik, itzelezko jaitsierak egin eta olatu handietan bira zabalak egiten.

Lafiteniako eskuin olatuan ehun surflari daudenean ere, bakar-bakarrik lehorreratzen dira ezker eremuan altxatzen diren olatuak. Haitzez inguratutako eremua da, leku arriskutsua, baina ezker olatu bikainak jasotzen dira bertan. Isiltasuna maite zuen surflari hark, taularekin olatuan egiten zituen marrazkien bidez hitz egiten zuen. Zinez ikustea gustatuko litzaidakeen ikuskizuna da, zeren, isiltasuna maneiatzea, hitzak maneiatzea baino askoz ere zailagoa da.