GARA
BUDAPEST

Transexualek ezingo dute sexu eta izen aldaketa erregistratu Hungarian

Hungariako Gobernuak transexualek sexu aldaketa erregistratu ahal izatea debekatu du, giza eskubideen aldeko mugimenduen iritziaren kontra. Gobernura iritsi zenetik, Viktor Orbanek argi utzi du zein den ezarri nahi duen familia eredua: kristaua eta heterosexuala.

Viktor Orbanen Gobernu ultrakontserbadoreak transexualek sexu aldaketa erregistratu ahal izatea debekatu du. 2010ean boterera iritsi zenetik, oso argi utzi du behin eta berriro Orbanek zein den Hungarian ezarri nahi duen familia eredu bakarra: kristaua eta gizon eta emakume batek osatutakoa. Horrela jaso zuen urtebete geroago, 2011n, indarrean jarritako Konstituzio berrian bertan ere.

Pasa den astean beste urrats bat eman zuen. Hungariako nahiz atzerriko giza eskubideen aldeko mugimenduen iritziaren kontra, erregistroan soilik jaiotzezko sexu biologikoa ipintzeko legea onartu zuen. Eta datu hori ezingo da sekula ere aldatu.

Testua onartu aurretik, nazioarteko hainbat erakundek protesta egin zuten, legedi berriak transexualak zokoratu eta estigmatizatzen baititu eta horrek haien kontrako biolentzia areagotu egin dezakeela uste baitute. Europako Kontseiluko Giza Eskubideen komisarioak, Dunja Mijatovicek, legea «transgeneroen duintasunaren kontrakoa» dela adierazi zuen. Amnesty International gobernuz kanpoko erakundearen aburuz, berriz, «Orbanek Hungaria Erdi Aroan kokatu du berriro ere».

Tina Kolos Orbanek, transgeneroak biltzen dituen Transvanilla taldeko presidenteordeak Efe berri agentziari egindako adierazpenetan nabarmendu zuenez, debekua «Konstituzioaren kontrakoa» da eta «diskriminazioa eta estigmatizazioa» sustatzen ditu. «Hungariako Auzitegi Konstituzionalak behin baino gehiagotan esan du sexu eta izen aldaketa transexualen eskubidea dela», ekarri zuen gogora Transavanillako kideak.

Orain arte arautegi zehatzik ez zegoen arren, azken hamarkadotan sexu eta izen aldaketa prozedura administratibo baten bidez egiten zuten transexualek batere arazorik gabe. Hemendik aurrera traba asko izango dituztela salatu zuen Kolos Orbanek. «Postetxera joatean garenean, adibidez, gure nortasun agirian izen bat agertuko da, eta, jaso behar dugun postan, beste bat. Nola frogatuko dugu pertsona bera garela?», galdetu zuen. «Lehen mailako herritarrak ez garela esaten ari zaigu Gobernua. Testuinguru zabalago batean, gainera, komunitate osoko kideak traumatizatzen ditu erabakiak», nabarmendu zuen.

Ivettek emakumetzat du bere burua. Baina nortasun agirian gizon izena agertzen zaio. Ezkor, legeak ondorio latzak izango dituela uste du. Bere buruaz beste egingo dutenen kopuruak gora egingo duela aurreikusten du.