Aitziber Pz. Karkamo
Kazetaria
AZKEN PUNTUA

Historia baten trena

Ez dira garai onak postalentzat. Bidaiatzeko nolabaiteko aukera izaten dugunean, trenez egitea hautatuko nuke nik. Estazioetako dendetan erositako postal ugari idatzi eta jaso izan ditut. Nasan zain egoteak izkiriatzeko gaitasunari bulkada ematen dio.

Trenez irits naitekeen edozein leku hautatuko nuke. Trenez bidaiatzea delako paisaiaz gozatzeko modurik onena, eta, hargatik, zaila da ulertzen paisaiarik ederrenen ezabatzera datorren trenbiderik. Trenak istoriorik ederrenak asmatzeko lekurik onenak dira; hargatik, ezin uler daiteke historia ezabatzera datorren trenbide baten eraikitzea.

Gurean, arras ongi dakigu zenbat postal geratuko diren idatzi gabe, trenbide batek aurretik eraman dituelako argazkietako paisaiarik ederrenak. Gurean ondo dakigu zer den, historia osatzen dugunon borondatearen gainetik, paisaien usainari diruaren kiratsa gailentzea.

Eta gurean egiten ari dira, paisaiak ez ezik, historia, justizia eta duintasuna errotik ezabatzera datorren Jerusalem Light Rail egitasmoa. CAF enpresako langileen borondatearen aurka bada ere, nazioarte mailako aktore askoren gaitzespen eta salaketa irmoaren gainetik ere, palestinarren lurrak eta historiak kolonizatzera datorren tranbiarekin kolaboratzen ari dira euskal erakundeak. Eta ezin uler daiteke bizitzak ezabatzera datorren trenbiderik.