Asier AIESTARAN
FUTBOLA - KOMUNIKABIDEAK

Informatzaile grafikoen elkarretaratzeak, gaurko entrenamenduetan

Euskal Herriko Informatzaile Grafikoen Elkarteak elkarretaratzeak deitu ditu gaurko, Lehen Mailako zenbait futbol talderen entrenamenduak baliatuz. “Informazio eskubidea ez dago jokoan” lelopean, Espainiako Ligak argazkilariei futbol zelaietan sartzen ez uzteko duen asmoa salatu nahi dute.

Euskal taldeei dagokienez, elkarretaratzeak Zubietan (9.00etan), Taxoaren (9.00etan) eta Ibaian (10.00etan) egingo dituzte, Realak, Osasunak eta Alavesek goizez egin behar dituzten entrenamendu saioak beren aldarrikapenak entzunarazteko baliatuz –gogoratu behar da entrenamenduetara ere ezin dutela joan lanera une honetan–. Euskal Herrikoez gain, Estatu espainoleko beste hainbat hiritan ere egingo dira elkarretaratzeak, kasu guztietan lekuan lekuko futbol talde profesionalen entrenamenduetan.

Ligak, Covid-19aren birusak sortutako krisiagatik dela esanez, argazkilariei, eta oro har informatzaileei, zelaietan sartzen ez uzteko asmoak hautsak harrotu ditu. Gaur egun gauden egoeran erabakiak neurriz kanpokoa dirudi, eta asko dira horren atzean klubek beren informazio jarioa erabat kontrolpean eduki nahia ikusten dutenak.

Sortu den zalaparta ikusita, Irene Lozano bera, Kirol Kontseilu Nagusiko (CSD) presidentea, izan zen astearte gauean irrati kate espainiar batean egoera epeltzera irten behar izan zuena. Esan zuenez, erabakia ez omen da oraindik behin betikoa, eta aztertzen ari omen dira kazetari eta argazkilariak nola kokatu daitezkeen estadioetan osasun segurtasuna ziurtatuz.

«Badakit Liga ekitaldi garrantzitsua dela, hedabideek kontatua izan behar duena. Baita komunikabideen sektoreak bizi duen krisia ere. Ahal dugun heinean laguntzen saiatuko gara beren lana egin ahal dezaten», gaineratu zuen Lozanok.

Informatzaile grafikoek oso argi dute debekuak, arazo ekonomikoez gain –askorentzat ogibide nagusia futbolari lotuta baitago–, informazio eskubidearen urraketa nabarmena dakarrela, zaleek jasoko duten informazioa ez delako komunikabide bakoitzaren esku geratuko, klub bakoitzak une bakoitzean eskaini nahi duen jarioaren esku baizik.