GARA
DONOSTIA

Googleren dirulaguntza NAIZ-i kazetaritza sustatzeko

Googlek martxan jarritako programaren lotura: https://newsinitiative.withgoogle.com/journalism-emergency-relief-fund

15.000 dolar jasoko ditu NAIZek Googleren eskutik, enpresa erraldoiak sortutako «Kazetaritzaren Larrialdirako Laguntza Funtsetik», hain zuzen ere. Funts hori sortzeko ekimena covid-19aren krisiak eragin du, eta munduko hedabide guztietara zuzendua da, estatu mailako komunikabide handiak deialditik kanpo geratu badira ere.

Joan den apirilean jarri zuen programa hori martxan Googlek, “Google News Initiative” delakoaren bitartez, pandemiak sortutako krisiari aurre egiteko. Ekimenaren jatorrian koronabirusa egon arren, Googlek azpimarratu nahi izan du bere helburua tokian tokiko komunita- teetan eduki originalen ekoizpena sustatzea dela.

Mundu osoan laguntza eskatu zuten 12.000 komunikabideetako bat izan zen NAIZ, eta Googlek 15.000 dolar eman dizkio. Aste honetan bertan berretsi dute erabakia. Eskariak apirilaren 15etik 29ra bitartean aurkeztu behar ziren, eta ehun herrialde baino gehiagotatik iritsi zaizkie eskaerak. Laguntza jaso dutenen artean Ipar Euskal Herriko Mediabask dago. 7.000 dolar jasoko ditu.

Teknologia arloko enpresa erraldoiak iragarri zuenaren arabera, ekimenaren helburua «informazio originala sortzen ari diren hedabide txiki edo ertainen lana babestea da, covid-19aren pandemiarekin lotuta eta tokiko entzule, ikusle zein irakurleei zuzenduta. Eskala globalean abiarazita –azaldu zuen programa aurkezterakoan–, funtsak une kritiko batean finantza-laguntza lortzeko bide azkar bat eskaini nahi du».

Eskaerak aurkeztean, hedabideek ezin zuten diru kopuru jakin bat eskatu. Informazioa bildu ostean, Googlek berak ezarri du zenbateko bakoitza, proiektuaren arabera. Ordainketa bakar batean emango du dirua.

Googlek eskatzen zituen baldintzak betetzen zituenez, NAIZek bere izaera nabarmendu du egindako eskaeran: webeko informazio-plataforma bat da, informazio-eduki propioak eskaintzen dituena eta hainbat komunikabideren arteko lankidetza bultzatzen duena.

Komunitateari lagundu

Pandemiak eragindako krisi garai honetan bere komunitateari nola laguntzen dion azaltzeko orduan, NAIZek bertatik bertara kalitatezko edukiak sortzeko egiten duen ahalegina nabarmendu du, hedabide handien lehia handiko testuinguru batean, eta horrek bere komunitatearekin konfiantzazko harremanak izaten laguntzen dio.

Googleren ekarpenak zertan lagunduko liokeen zehazteko, NAIZek azaldu du Larrialdirako Laguntza Funtsari egindako eskaeraren helburua baliabideak lortzea izan dela, proiektua babesteko eta aurreikusitako inbertsioekin jarraitu ahal izateko; izan ere, une honetan, webgunea diseinuaren aldaketa oso bat egiteko prestatzen ari da, oso epe laburrean, eta, epe luzexeago batean, albisteak hizkuntza batean baino gehiagotan argitaratzeko itzulpen-sistema neuronal bat integratzeko asmoa du.

Azaldutako argudioetan, NAIZek jakinarazi du pandemiak eragin zuzena izan duela komunikabidearen egoeran: kazetariak muga profesionalak izaten ari direla, merkataritza-lanerako zailtasun handiak dituztela eta harpidetza digital batzuk ere galdu dituztela. Tabernak ixteak bat-bateko eragina izan du azken horretan.

Baina, era berean, laguntza-eskaeran jasotzen denez, egoerari aurre egiteko bitartekoak jarri dira, telelanaren aurrerapen handiaren eta NAIZen talde teknikoaren ahalegin nabarmenaren bidez.