Oihane LARRETXEA
DONOSTIA

Nerabeak literaturaren olatura igo nahi ditu Jabi Elortzak

«Gezurren habia» (Elkar) aurkeztu du idazleak, bere hirugarren nobela. Gazteak irakurle egin nahi ditu eta horretarako haien kezka eta errealitateetara gerturatu da. Trama ispilua denean funtzionatu egiten du.

Larunbat gau batean Ainhoa, 17 urteko protagonista, ez da etxera itzultzen. Asteburu horretan amaren txanda da alabak zaintzeko eta bere senar ohia parean ikusi nahi ez duen arren –honek emaztea ere ez–, gertatutakoa kontatzeko deitu beharko dio. Ertzaintza kasua ikertzen hasiko da eta Saioa 15 urteko ahizpa galdekatuko dute aurrena, gurasoak gero. Hala, konturatuko dira Ainhoaren errealitatearen atzean gauza asko daudela. Trama nagusi honen bueltan garatzen da Jabi Elortzaren hirugarren nobela, “Gezurren habia” (Elkar). Aurretik, “Sara” (2017) eta “Kinito egunak” (2018) argitaratuak ditu DBHn euskara irakaslea den egileak. Nerabeentzat idatzi du beti, eta oraingoan ere horiek dira protagonista.

Bere helburu nagusia, aurkezpenean adierazi zuenez, gazteak «engantxatzea» da, «irakurtzen jarraitzeko grina sortzea». Hori horrela, idaztean gauza bat hartu zuen aintzat: idazkera. «Gazte literatura egiteko oinarrizkoa da gustagarria izatea. Baditugu ikasleak, nerabeak, dena irakurtzen dutenak, badaude ezer irakurtzen ez dutenak nahiz sekulako nobela interesgarria izan, baina oro har horiek arazoak edo irakurtzeko zailtasunak izan ohi dituzte; eta badira ez dutenak inoiz irakurri eta ez dakitenak gustatzen zaien edo ez». Ez dela deskribapenetan galdu esan zuen, irakurle gazteak «aspertu egiten direlako», eta nahiago izan dituela elkarrizketak indartu. «Horietan gauza asko konta daitezke eta bizitasuna ematen diote nobelari».

Bere ogibideari esker harreman estua du Elortzak nerabeekin eta horiengandik ikasiz eraiki du “Gezurren habia”. Telesail formatua duen eleberrian pertsonaia nagusiak neskak izatea ez da kasualitatea. «Nire esperientziaren arabera, neskek gehiago irakurtzen dute eta pertsonaia bezala ere neskek joko handia ematen dute». Kasu honetan, itxuraz nahiko perfektuak direnak baina gero atzetik errealitate gordin bat ezkutatzen dutenak. Adinaren kontua ere oso ondo neurtu du. «Gazteentzat eleberri bat egiten baduzu eta 13 urtekoa jartzen baduzu protagonista, 15ekoek ez dute irakurriko», esan du. Irakurleak pertsonaia horiek berarengandik gertu sentitzea ezinbestekoa da, sinesgarritasuna ematea istorioa «bere» egiteko. «Saiatzen naiz istorio errealak sortzen, gertatu ahal direnak. Beraiengandik urbil egon daitezkeenak».

Horregatik ere sare sozialen menpekotasuna oso presente dago nobelan. Ainhoak asko sufrituko du «like» edo «ez like» horien eraginez eta gazteek elkarri egiten dizkioten erronken ondorioz. Idazleak ohartarazi zuen: «Batzuetan txantxa iruditzen zaizkigu, baina erronkak hor daude, konplikatu egiten dira eta arazo larria bilakatzen ari da gure gazteengan».

Etxeko kontuak

Jasotzen dituen zenbait errealitate nahiko gogorrak dira. Idazleak ez zuen ukatu. Hainbat etxeetan dauden egoerak, esaterako: guraso bananduak, seme-alabak aita edo amaren aurka egiteko erabiltzen dituztenak, seme-alabak zaindu eta hezteaz arduratzen ez direnak… «egoera horiek denok ezagutzen ditugu», adierazi zuen idazleak. Ainhoak eta Saioak bezala, Ane haien lagunak ere ez du egoera samurragoa Janire amarekin. «Kristoren gauzak egiten dituzte, baina bere gurasoen heziketaren biktima direnez, irakurle bezala justifikatu egiten duzu».