GARA
DONOSTIA

Sagardotegi batzuk martxan jarriko dira eta botilako sagardoa ohikoa izango da

Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak jakinarazi duenez, sagardotegi batzuk jada hasiak dira erreserbak hartzen. Bigarren fasean sartuak garen honetan, edukiera erdiarekin irekitzeko aukera dute eta batzuek hala egitea erabaki dute. Uzta berriko sagardoa botiletan eskainiko da, hein handi batean. Batzuek mantenduko dute txotx egiteko aukera ere.

Sagardotegi batzuek ateak irekiko dituzte datozen egunotan. Jada zenbait hasi dira erreserbak ere kudeatzen. Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak jakinarazi du sagardotegi batzuk prest daudela gutxika-gutxika martxan hasteko; nolanahi ere, gogoratu du batzuek txotx garaian soilik funtzionatzen dutela eta horiek amaitutzat eman dutela 2020ko denboraldia.

Irekitzen duten sagardotegiek, barrualdean zein terrazetan, %50eko edukiera errespetatu beharko dute, baita segurtasun distantzia ere. Uzta berriko sagardoa dastatzeko aukera izango da. Sagardogileen elkarteak adierazi duenez, batez ere botilen bitarteko dastatzea sustatuko da, baina batzuek txotx egiteko aukera ere mantenduko dute, betiere oso puntualki eta talde txikitan.

Hala, «jendeak kapsula eta sagartxo gorri eta urre-koloreko uzta berriko sagardoak punturik onenean dastatzeko aukera izango du».

Irekitzeko erabakia era bateratuan hartu dutela nabarmendu du elkarteak. Dena den, sagardotegi bakoitzak erabakiko du ireki ala ez eta bakoitzak bere neurrira egokituko du hemendik aurrerako eskaintza, protokoloa zorrotz errespetatuz.

Joan den ostiralean, maiatzaren 22an, sektoreak formazio ikastaro trinko bat egin zuen ateak berriro irekitzeko protokoloaren inguruan eta Euskal Sagardoak eskain litzakeen aukeren inguruan. 55 sagardotegik hartu zuten parte. Hazi Fundazioa eta Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren bidez antolatu zen.