Ane URKIRI ANSOLA
HERNANI

Sagar «osasuntsuarekin» eginiko eta alkohol gutxiagoko Euskal Sagardoa

Chillida Lekun aurkeztu zuten Euskal Sagardoa jatorri-deituraren uzta berria. Guztira, 48 sagardotegik ekoitzitako 60 sagardok osatzen dute 2020ko katalogoa. Kopuru aldetik «uzta ona» izan dela ziurtatu dute. Erabilitako sagarra handiagoa eta azukre gutxiagokoa izan da.

Aurtengo Euskal Sagardoa 3,2 milioi litrok osatzen dute. Iazko kopuruaren bikoitza da. Horregatik, hain zuzen, 2019an sagarraren uzta emankorra izan dela nabarmendu zuten. Guztira, 250 sagargileren 5,5 milioi kilo sagar bideratu dira sagardoaren ekoizpenera eta, orotara, 60 sagardo motak osatzen dute 2020 jatorri-deitura, 48 sagardogilek ekoitzia.

Chillida Leku museoko Zabalaga baserriaren bueltan egin zuten aurkezpena, espero baino beranduago. Maiatzean aurkeztea aurreikusi zuten, baina koronabirusaren krisiarekin hilabete atzeratu dute. Sagardotegiak ere ez dira libratzen covid-19ak eragindako krisitik eta, horregatik, sagardoa kontsumitzera bultzatu zuten Euskal Sagardoa jatorri-deiturako kide zein Lakuako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politiketako sailburuorde Bittor Orozek.

«Uda garai ona da sagardoa edateko», adierazi zuen Hernaniko Udaleko ordezkari Xabier Lertxundik. Olatz Mitxelenak, Sagardoa Routeko koordinatzaileak, ziurtatu zuen sagardotegiek «botilaren estrategia» erabiliko dutela baina egongo dela txotxa mantenduko duenik ere. Orotara, Euskal Herriko sagargotegien %61 irekiko dira.

Felix San Sebastian sagargileak adierazi zuen sagasti gehienetan azukre gutxiko sagarrak bildu dituztela eta, beraz, oro har, alkohol gutxiago edukiko duela sagardoak, «%6aren bueltan ibiliko da». Sagar ona eta «osasuntsua» izan dela ondorioztatu du. Aurtengo uzta, hurrengo urteko sagardoa egiteko, txikiagoa izango dela aurrekuisten dute, baina «kalitate gorena» mantentzen saiatuko direla.

Euskal Sagardoa %100ean bertako sagarrarekin egina dago eta 2016tik kalitatez hobetzen joan delakoan daude, sagasti gehiago daudelako. Jatorri-deiturako koordinatzaile Unai Agirrek adierazi zuen azken bost urteetan 100 hektarea sagasti berri landatu direla Gipuzkoan, Aldundiaren laguntzaz.