Lander Garro
Idazlea
AZKEN PUNTUA

Estreinaldia

Esnatu naizenenean eskuak txingurrituta nituen. Besoak ere bai. Ez da berria, azken sei hilabeteotan, filmaren azken filmaketekin hasi ginenetik, usu gertatu zait. Duela sei hilabete uste nuen ez nintzela inoiz nagoen toki honetara iritsiko. Sorkuntza ez delako ibilia bakarrik. Ez zara ezagutzen ez duzun tokira inoiz ailegatuko ibili hutsagatik, mapa bat topatu behar duzu nonbait, norabidea azalduko dizun bizilagunen bat, pistaren bat: zerbait. Sorkuntza horixe da, zerbait. Lorik gabeko gauak eman ditut, mendian galdu naiz eta iratzeei galdetu diet, bidean topatu ditudan piztiei ere bai: zaldiei, akerrei, kilkerrei. Itsasoan murgildu naiz, urpeko isiltasunak erantzunak ekarriko zizkidalakoan. Ez nuen inoiz pentsatuko galderen arantzek azala hala urratuko zidatenik. Anaia hor nuen (hor zintudan), hitz bat, kafe parea, tabako pakete bat, musika pixka bat. Batzuetan nire ondoan egote hutsez laguntzen zidan (ninduzun), beste batzuetan bera (zu) ere geratzen zen (zinen) filmari mozketa batzuk egiteko, eta agian soluzioren bat azaltzen zen, agian ez. Baina estreinaldiaren eguna ailegatu da, eta hemen nago, Antzoki Zaharreko oholtzan, maskaren atzean ezkutatuta dauden ikusleei so. Filmaren aurreko solasaldian gaude, baina niri jendeari so egiteko gogoak pizten zaizkit. Haiek hemen badaude, neu ere hemen nagoen seinale. Eta bai, hemen daude, hemen gaude.