Amaia UGARTE
DONOSTIA

Iparragirreren askatasuna aldarri epaiketaren atarian

Marixol Iparragirre datorren uztailaren 8 eta 9an epaituko dute lehen aldiz Auzitegi Nazionalean. Iazko irailean Espainiaratu zuten agintari frantsesek eta, Entzutegi Nazionaletik igaro ostean, preso sartu zuten; ordutik, lehen graduan mantendu dute. 1995eko auzi batengatik epaitu nahi dute eta, gertukoenek adierazi dutenez, aurkako froga bakarra «Anboto» sinadura duen paper bat da. Marixol Askatu ekimenak deituta haren askatasuna aldarrikatu dute.

Espainiaratu zutenetik ia urtebete igaro dela, Marixol Iparragirre heldu den uztailaren 8an eta 9an epaituko dute lehendabiziko aldiz Auzitegi Nazionalean, 1995eko auzi batengatik. Marixol Askatu ekimenak horren informazioa eskaini zuen atzo Donostiako Bulebarrean eta Eskoriatzako presoaren askatasuna aldarrikatu zuten bertaratu ziren berrogeita hamar lagunekin batera. Iparragirrek bizi duen «bidegabekeria» agerian utzi nahi izan zuten. Iaz espetxeratu zutenetik lehen graduan «modu ankerrean» mantendu dutela gogora ekarri dute, «inolako epaiketarik egin gabe».

Ino Galparsoro Arrasateko alkate ohiak eta Olatz Albisu senideak nabarmendu zutenez, Iparragirrek ia lau hamarkada igaro ditu bere etxetik kanpo, eta «ezinbesteko ekarpena egin du Euskal Herria bake bidean jartzeko». ETAk bere ibilbideren bukaera iragartzen zuen agiria Iparragirrek kartzelako ziegatik irakurri zuela oroitu dute. «Beharbada ez diote jardun hori barkatu nahi iraganeko logikara kateatuta segi nahi dutenek», deitoratu zuten. Bere emakume izaeragatik ere zigortu nahi dutela uste dute senideek.

Irailean Espainiaratua

Eskoriatzarra iazko irailaren hasieran Espainiaratu zuten frantziar agintariek eta, Auzitegi Nazionaletik igaro ondoren, preso sartu zuten. Ia urtebete geroago, uztailaren 8an eta 9an izango du lehen epaiketa, 1995eko auzi batengatik. Espainiar salbuespeneko epaitegian bere aurka dituen hamabi kasuetako bat da eta, onartu ziotenez, azken euroaginduak auzi horretan du oinarria. Epaiketa honetan Iparragirreren aurkako froga bakarra “Anboto” sinadura daraman paper bat da, senideek GARAri azaldu ziotenez. Gainerako euroaginduak komisarian torturapean Iparragirreren aurka egindako deklarazioetan oinarritu dira. Hori horrela, euskal presoaren askatasuna «ozen» exijitu dute eta Debagoieneko, Euskal Herriko zein munduko hainbat pertsona esanguratsu aldarrikapenera batu dira. «Bidegabea delako, arduragabekeria izugarria delako gatazkara kateatuta segitzea», defendatu zuten.

Euskal Herriko askotariko sektoreek gatazka politikoa konpontzeko determinazioa erakutsi dutenean eta bakea eta bizikidetzarako «urrats sendoak» egin diren honetan, «estatu aparatuek muzin egion diote aukera horri eta mendekuaren joko zitalarekin tematuta jarraitzen dute», salatu zuten.

Ziklo berri honetan «epaiketa oro soberan» dagoela iritzi dute: «Ez da kartzelak betetzeko garaia, batzuen eta besteen artean zubiak eraikitzekoa baizik, herri honek bake, bizikidetza eta askatasunean aurrera egin dezan. Marixol askatu, preso guztiak askatu. Konponbide garaia da».