Estibalitz EZKERRA
Literatur kritikaria

Monumentuak

Kolonialismoarekin, esklabotzarekin zein genozidioarekin lotura duten monumentuen eraisketak denetariko erreakzioak eragin ditu azken asteetan. Batzuek txalotu egin dute arrazakeria goraipatzen duten irudiekin amaitzeko ikasle eta ekintzaile gazteek bultzaturiko kanpaina. Beste batzuek, berriz, historia aldatu eta ezabatu nahi izatea leporatu diete.

Azken horien artean daude Espainiako Talavera de la Reina herrikoak. Ozeanoaz bestaldean gertatzen ari denarekin txundituta, Kaliforniako gobernadoreari idatzi diote nahi ez dituzten Kristobal Kolonen eta Isabel erreginaren monumentuak jasotzeko prest daudela adierazteko. Agian txundigarria irudituko zaigu geuri Talavera de la Reinako biztanleen jarrera. Nolatan ez dira ohartzen Espainiako Errege-Erregina Katolikoek bultzaturiko konkista kanpainek eragin zituzten triskantzez?

Errazagoa da, zalantzarik gabe, auzokoaren itsutasuna salatzea norberarena aintzat hartzea baino. Izan ere, begirada bat bota ote diegu geure kale izendegiei? Jabetzen gara euskal nortasunaren giltzarri kontsideratzen ditugun zenbait elementuk (baserria, esaterako) zein euskal kultura eta hizkuntza bultzatu duten zenbait erakundek kolonialismoarekin izandako loturaz? Iñigo Aranbarriren “Apirila” (2014) eta “Txanton Garrote agertokitik jaitsi zen eguna” (2016) lanek ezin hobeto azaltzen digute euskal aristokrazia ilustratuak herri xehea nola zapaldu zuen. Botere dinamikak modu globalean aztertzea da orain falta zaiguna.