EDITORIALA
EDITORIALA

Minerala, ekonomiaren eta bizitzaren oinarrian beti

Antonio Aretxebala geologoarekin Nafarroako meatzaritzaren harira gaur argitaratzen dugun elkarrizketak informazio asko eta testuingurua ematen ditu. Minerala gure bizitzaren oinarria dela gogoratu eta aurrera begira erronkak seinalatzen ditu. Meatzaritza tradizionala, deszentralizatua, garaiko burdinolena kasu, eta meatzaritza industriala bereizten ditu, hau da, eraikuntzaren eztanda frenetikoarekin batera hormigoiarentzat lan egiten duen Magnesitas enpresarena bezalakoa. Eta egungo meatzaritzaren hainbat joera espekulatibo eta perbertsoren berri ematen digu. Hemen potasa atera, Brasilen behitegi erraldoiak jarri eta McDonald’s-en irabaziei begiratzen diena, edo Muga bezalako megaproiektuena, promesa faltsuak puztu, eta akzioak igotzean, den-dena saldu zuena.

Autobus elektriko batek bost aldiz meatzaritza gehiago behar du. Energia berriztagarriek gure bizitza, bere abiadura osoan, sostengatu behar badute, hamar aldiz. Meatzaritzaren faktorea hor dago, nahitaez. Aretxabala geologoak “Green Deal” edo berdez jantzitako politika batzuk zalantzan jartzen ditu. Bere ustez, robotek zuzendutako Industria 4.0 hori ponpa handiz saltzen digute, baina zalantzan jartzen du etorkizun horren oinarri minerala, ezinezkotzat du ia; horretarako meatzaritzarik egongo ote den, eta nolakoa izango den, ez dago argi.

Baliabideak urritzen doaz, klima larriagotzen, pobrezia hedatzen eta ingurumena zornatzen, hazkundea ez da betierekoa. Mineral edo metal arraroen aroan gaude, meatzaritza itsasoko sakongune handietara, Ipar Polora edo Ilargira begira dago. Baina, Euskal Herriak, gure produkzioak, oinarri minerala behar du. Meatzaritza behar dugu, herria, industria, akademia eta ikerketa uztartuz, kate produktiboen luzera mozteko, kanpoko baliabide eta garraioen menpekotasuna gutxitzeko. Gure jendea hiltzen ari zenean, hil ala biziko maskarak eta tresnak egiteko makina falta oroitzeak, betirako lotsatu ez gaitzan.